Liburuaren azalean ageri den iruditik at, benetako ostaldea behatzean, segituan ohartzen zara berba batek ezin duela bildu zeruaren dimentsioa bere osotasunean. Esan gabe doa hori, jakina, baina bere esanahiei egiten diet nik erreferentzia, norbanakoak eransten dizkienei hain zuzen ere. Zeruetako erresuma du izena aurrean daukadan Itxaro Bordaren eleberriak.
«Liburuaren azalean ageri den iruditik at, benetako ostaldea behatzean, segituan ohartzen zara berba batek ezin duela bildu zeruaren dimentsioa bere osotasunean»
Egun lainotsuetan, batzuek burua leihotik atera eta gorantz begiratzen dute, ea gaur euririk egingo ote duen galdezka. Halaber, hodeirik gabeko egun gardenetan, kondentsazio-estelak ikusi, eta «fumigatzen ari gatzaizkigu» pentsatuko du konspiratzaileak, beren ustez, chemtrailsak izango omen baitira gure akabera. Hegazkin pribatu bat doa hemendik, komertzial bat hortik, militarrak hegoaldetik eta handik, hegaz, bosgarren pisuko bizilaguna, kanariar uharteetara doana oporretan.
Begirune espirituala duenak, kasu, bizitzatik erori eta ortzira igoko den esperantzaz ikusten du goia, zeren eta haizu da heriotzaren ezjakina tarteko, azalpenak bilatzea. Hots, atmosfera zeharkatu eta ur handitan sakondu zaitezke, espazioan, astroetan murgildu, zulo beltzetan, gureaz besteko planetetan, amatatzen ari diren izarretan eta aurkituko direnetan.
Bestalde, Zeru horiek bistaratzean, Atxagaren obra irakurtzean bezala, askatasunaren zentzu zabala jotzen duzu begiz. Izan ere, txarrantxak ez du ingurua argitasunez ikusten uzten; bistatik aldendu nahi genituzke behingoz mugak, errepideak. Azken batez.
Era berean, badira zenbait burua goratu eta ostondoari so egin beharrean, Aristotelesen mundu-ikuskera geozentrikoa beregan aplikatzen dutenak: munduaren zilborra zaren humano soil hori, dotrinaren arabera, zuk ez duzu zerurik irabazi.