«Baina, nor zara zu? Zer egiten duzu ene gotorlekuan?», galdetu dit asalduraz ateko egurraren ahoak. Pareidolia. «Nik erosi zaitut», ihardetsi diot esnatu berritan.
Niretzat balorerik ez duzu, baina bai prezioa. Basoko langileari ordaindu diot zure erroetatik moztu eta nirekin egon zintezen. Aroztegian aldiz, besoak ebaki dizkizute, larrutu, xerratu. Hemen zaude, gorputz-atalen zatiak era neurrigabean itsatsi dizkizute. Zura zara orain, landu egin zaituzte, txukun-txukun iristeko nigana. Berniz geruza mehe baten azpian, lixatuta ere, adar-begiak nabarmentzen zaizkizu. Horregatik jartzen dizut nik aurpegia.
«Niretzat balorerik ez duzu, baina bai prezioa. Basoko langileari ordaindu diot zure erroetatik moztu eta nirekin egon zintezen. Aroztegian aldiz, besoak ebaki dizkizute, larrutu, xerratu»
Gainerako zuhaitzak atzean gelditu dira, histasun batean, izana eta ezdeusa birformulatzen. Garrean berriz, arnasa hartzen dute, beren sustraiei helduta, —rocknrollak ez bezala— ez baitute dirurik emanen. Erresonantzia-kutxan, oszilazioek airea eta hezurrak birarazten dituzte; hala ere, gainontzeko arima alderraiek makinak gurtzen dituzte.
«Zuk ere izango duzu eskulibururik», galdetzen dit etxetresna elektriko batek. Izan bitez ordainagiriak zure liburu sakratuaren pasarteak. Pilotu automatikoa jarrita galdu naiz scroll amaigabean eta bonba-autoak zelatan daude ustezko mezu kaltegabeen atzean, sareetako itxurakerian eta zure predikatuetan.
Bidenabar mantarekin estaltzeko, ustezko intimitatean, leiho estaliak sarrerako aurpegia islatu du; profileko sarraila lehertua ez da itxieraz bazkatzen eta hormigoi armatua, beti irmo.
Agurtu baino lehen, esadazu arren, nor sartu da bortxaz zure atarira?