Lehenik bota eta gero pentsa

Mendian elurra. M. ERAUNZETAMURGIL

Drama fisikoaz beste, askotan, zenbait tragikomedia mutu ere atzeman daitezke. Gu guztion tripak zerraldo uzten ditu damuzko momentu horrek, lurrikarak atzemango bagenitu bezala gure haragizko sismografoan; neurtezinak Ritcher eskalan.

Berrien atzetik datozkigu zaharrak: arnasa une batez etetean, eta pentsamendua istant horretan kateatuta uztean. Borondatez edo ez, izotzaren pare, brastada ondikoz batek bekokia kriogenizatu eta hor erausten gara: hatsaren hantura jasan ezinda eta iragana berreskuratzeko ganorarik gabe. Orduan, doinu batez, «argazki bat ateraidazu» oihukatzen didazu, nik ordea, «orain hasi betirako ikusten», erantzuten dizut.

 

«Egoeraren gailurrean berriz, ez zaizkigu hitzak sortzen, zeren eta benetan azaldu nahi duguna adierazteko, esaldien estetikak ez du jada balio»

 

Egoeraren gailurrean berriz, ez zaizkigu hitzak sortzen, zeren eta benetan azaldu nahi duguna adierazteko, esaldien estetikak ez du jada balio. Ez galdu denborarik hitz zehatzak aurkitzen, zeresanik ez bada. Tektonika hori eteteak eragin dizu gaur arte kuestionatu ez dituzun galdera horiengan erreparatzea.

Zorigaitz horrek, ezbeharren batek, minak, herioak, eta batez ere, gezurrezko begiaren apartheidak, ingurua zalantzan jartzera eta zure azaleko ikuspegitik sakontasun horretaraino iristera bultzatu zaituzte.

Zure lazturak entzun bitartean, etikoki eta politikoki disoziatu da animalia oro, humanitatearen desjabetze prozesua gauzatzen duen artean gizakiak. Ez da erraza hainbeste zarataren aurrean kolpe baten ondorengo isilune horri eustea. Itxurakeria soila da ezereza utzi eta zure tristura kontsolatzen hastea. Hitz gutxitan, alferrikakoa da nik hainbeste maite dudan eta zuk horrenbeste gorroto duzun atsekabea deuseztatzen hastea.

Ostantzean, benetan zer egin jakin gabe saiatzen gara urrats bat ematen. Ez da amaitu oraino isilunea, eta bazoaz dolua errespetatu gabe. Utzi behingoz egiari bereak egiten.

P.S.: Zilegi bekit aipatzea, testua idaztean Dena taldearen Ceremony bertsioak bereganatu dituela behin eta berriz nire belarriak, eta askatu nire eskuak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!