Lehorteak eta uholdeak

Erabiltzailearen aurpegia Maider Eraunzetamurgil 2022ko abe. 16a, 07:58

Aterkiak leku batetik bestera paseatzen ari dira, lurrak euria erakartzen duen eran. Han-hemenka, batzuk herrenka eta besteak airos. Trumoiak gogor jotzen duenez, karrikak hutsik, baina geroz eta beteago: haize zakarra guardasola bakanen baten aurka talka egiteko gogoz dabil. Zaharkitzapen programatua balute bezala isurtzen dira tantak eta beren akabera, airearen marruskadura arbuiatuta, 9.8 dimentsiotan dute ikusten.

Software 11.0. bertsioa, ez zaizkizu egun euritsuak gustatzen, zeren eta goibeldurak zaitu zipriztintzen. Bien bitartean, larrialdietako sirenek hots egitean, argi gorriak loezinetik norbait du iratzartzen. Kale gorrian, ez orlegian, aterpean egonda ere, hotzak pertsona anonimo oro bustitzen du. Azpiespazio horretan barneratzen garela, itxidura linealekin egiten du topo etxegabeak etengabean, epelik lortu barik. Orduan, etxetik kaleratu dituztenen anonimotasunak, agian, anonimotasunetik ezer ez duela deritzozu, zeren eta Amaia Egañaren irudiak telebistako pantaila astindu du berriro, hamargarren urteurrenez.

Goseak ez du hartzen oporrik ez Etiopian, ez Saharan, ez Gazan, ez Hondurasen, ezta Euskal Herrian ere. Leherketak ez ezik, tripa-orroak ere urrunetik entzuten dira. Gatazken atzean ezkutatzen direnen hegalak nabarmentzen dira ur-azalean; zehaztasunez eta zorrotz, gutxika presa inguratu, izaki oro zaurgarri bihurtuz. Aldi berean, nahiago dugu ebazteke dauden problemen aurrean entzungor egin, iragarki komertzialak irentsi, beraien eslogan eta kantuak buruz ikasi eta polboroiez beterik ahoa, beste urte batez itsaso honetan biziraun dugula ospatu. «Esan Pamplona». (Bide batez, muxu bat gure zorte bera izan ez dutenei, eta bereziki metaforetatik at, benetan naufragatu dutenei).

Ondoeza ere hezurmamitu daitekeela frogatu du osasun mentalaren auziak eta harrapakariak elikatzeko era berri bat eskuratu du. Kontzientziazio kolektiboa, gaixotasunen erromantizazioa eta sareetako morboa, bat-batean denok albo-kalteez inguratuta. Beste behin, zenbat pertsona babesgabe? Zenbat kontratu sinatu dira bizitza horien truke? Hortzak biktimaren azalean sartu dira.

Zilegi bekit ondorengo hau esaten duen kantua aipatzea: «Piraña deitu nauk tiburoi zikina…».

 

Sumindu egiten gara tiburoiak tronpatzen eta ehizatzen gaituela konturatzean, ez gara ohartzen ezinezkoa dela urpean murgilduta surik piztea.



Sumindu egiten gara tiburoiak tronpatzen eta ehizatzen gaituela konturatzean, ez gara ohartzen ezinezkoa dela urpean murgilduta surik piztea. Hiruko erregela. Tristeena zera da, badugula zer edo zer pirañatik. Plastikozko zoriontasuna, baikortasun erradioaktiboa, diruz lor daitezkeen ametsak eta moden araberako ilusioak indarrean dauden artean, pentsatzea kontrairaultzailea izango da. Hots, honakoa hausnartu behar luke norbanakoak: nor da, zer da mehatxatzen zaituen marrazoa? Benetan existitzen al da? Zer egiten du zure aurka? Eta zuk bere aurka?

Alabaina, Gabonetako apaindura eta ornamentazio disdiratsuek turistak dituzte liluratzen eta gu ordea, itsutzen. Ez gaitzatela arrain abisalekin nahastu. Bitartean, energia kontsumoa aurreztearren, beste kable gorriren bat moztuko da. Era berean, osasun sistema publikoa ingurumenarekin batera eztanda egitear, eta buelta kontu berarekin: lehorteak eta uholdeak.

Finean, aurtengoa deitoragarria izan da, joan diren urteak bezalaxe. Datozenak ere ez dira gutxiago izango. Izan zaitezte sorioneku (edo ez), eman bakea elkarri, eta oroitu: «…hik aho handia duk, baina ni jateko zaila nauk».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!