Espazio-denbora

Erabiltzailearen aurpegia Maider Eraunzetamurgil 2022ko urriaren 30a

Beti saia gaitezke sasoi bakoitzari denbora eskaintzen. Hala ere, haurrak ginela, iturritik erortzen zen ur-turrusta guraizeekin nola mozten saiatzen ginen oroituko duzu: antzeko zerbait gertatzen da noizaldiekin.

Bat-batean, iragana. Gaur berriz, presaka ikusten zaitut: bizitzari denbora kentzen, ordularien antzera. Egunak nola iragango dituzun pentsatuz hilabeteek aitzina egiten dute, behin eta berriz, etengabean. Urteek baino, uneek duten garrantziaz ahanzten gara hemen eta orain.

Egin ezazu egokitzen zaizuna, erail bitez minutuak; izan ere, izango duzu noizbait nahi duzuna egiteko astia. Momentu libre ugari ukan arren, gaua heldu orduko sabaitik eskegita geldituko dira: saguzar eta piztiekin iraulita. Halakotz, mugikorrari begira egongo zara sarritan, gertatuko denari itxaroten, algoritmoaren mesedetan. Era berean, korrikaldi bakoitzaren iraupena neurtzen duzu, hurrengo aldian azkarrago egingo duzun esperantzaz.

 

Biharra eta beharraren arteko hegian dago balantza.

 

Halako batean, ordea, orratzen jirabiran dakusazu inoiz itzuliko ez den hori. Orduan konturatuko zara agian, zu zeu zarela erlojuaren isla, tiki-taka. Baina berdin dio, berantegi izango da galdutakoa berreskuratzeko.


Biharra eta beharraren arteko hegian dago balantza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!