Adi!

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Sarasola 2020ko urt. 26a, 19:58

Adi! Oraindik norbait enteratu gabe bada, hemen oharra: urtarrilaren 30eko greba politikoa da.

Inork zalantzarik bazuen, Hego Euskal Herriko ia alderdi guztiek deitzaileei horixe aurpegiratu diete: greba politikoa deitzea. Ez dakit inoiz inork ikusi ote duen politikoa ez den grebarik, baina horrelaxe daude kontuak. Badirudi batzuek esaten dutena esaten dutela ere, letra txikian beti adierazi nahi digutela gauza bera: «Utzi guri pentsatzen eta egiten, eta zuek bizi lasai». Badago herritarrok umetzat tratatzeko joera eternala eta politikoa gauza txarra dela azpimarratzeko nahia. Batzuena beti politikoa balitz bezala, eta besteena naturala, neutrala. Baina, barkatu, hamasei urterekin gaztetxean militantzian hastea bezain politikoa da arratsaldeak Urbilen pasatzea. Politikoa den bezalaxe jogurtak aukeratzea: Danone edo BehiEko. Oso politikoa da manifa batera joatea, baita ez joatea ere (eta hurrengo astean manifa hartako aldarriak zuk konpondu nahi izatea). Politikoa da besapeetako ileak agerian ibiltzea, alukoak depilatzea den bezain beste. Erabat politikoa da pentsioen defentsa, zahar egoitzen pribatizazioak bezain beste. Eta greba egitea bezain politikoa da egin nahi ez izatea (ezina beste gauza bat da).

Politikoa alderdikeriarekin lotu nahi dute, baina badakigu zertaz ari garen. Badakigu eredu talkaz, mundua ulertzeko moduaz ari garela. Ederki ikasia dugu jendaurrekoa dena politikoa dena, baina batez ere oso ondo ikasi dugu pertsonala ere politikoa dela. Eta, «Greba zertarako?» galdetzen dutenentzat ere badugu erantzuna. Larunbat goizean Anoetako hamabost bat emakume elkartu ginen, kafe eta infusio usainean, bizitzako prekarietateak nola eragiten digun aztertzeko, edo besterik gabe, elkarri kontatzeko. Kontsumo ohiturak, pentsioen etorkizuna eta genero arrakala, lan prekarietatea, zaintza eta esklabo bihurtutako soldatapeko zaintzaile arrazializatuak eta atzerritar legea bertan behera uzteko borroka gure egin beharraz… Grebak egin aurretik ere merezi izan du. Ni grebara noa U-30ean, eta ez noa bakarrik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!