Dokumentalak bete zuen bere helburua, borrokaren gordina erakutsi zigun eta borrokan ari zirenen indarra odolean sartu. Baina, Leidorreko aretotzarrean, berogailua topera, hogeita hamar lagun gerrako irudiei begira; aspaldian ez dakit hain hipokrita sentitu ote naizen. «Hau gaur da, Maddi. Hau orain da» errepikatzen nuen neure baitan, baina pelikula bat bailitzan ari ginen ikusten. Bukatutakoan «ze gogorra…» esan elkarri eta etxera, mantapera. Kurduen aurkako ofentsiba berri honetan, berriro berritu zait orduan sentitutako hipokresia.
Kurdistanek barrenak mugitzen dizkigu, txanponaren bi aldeak biltzen dituelako. Euskal herritar ukatu, hizkuntza jazartu eta emakume* zapaldu garen heinean, minean eta borrokan bat egiten dugu. Baina, petrolioaren menpeko, gizarte arrazista eta klasista honetako konplize garen heinean lotsatzen gara. Irudipena dut erraz adierazten diegula elkartasuna herri zapalduei, baina bestaldera begiratzen dugula kolonizatzaileekiko dugun konplizitatearen aurrean. Ez garela gai benetako burujabetza prozesuak irudikatzeko, autogestio errealak planteatzeko eta lehengaiekiko dugun menpekotasunek sortzen dituzten injustiziak iraultzeko. Gugan dago kolonoa: oraintxe zapaldu, oraintxe zapaltzaile.
Baina, honetan guztian bada zerbait are eta gehiago kezkatzen nauena. Zapaltzaile garenaz ez onartu nahi izateaz gain, zapaldu garela ere ahazten ari ote zaigunaren errezeloa. Kataluniari elkartasunez, urriaren 19an, Donostian egin zen manifestazioaren amaierako irakurketan esan zen, aurrez ezagutu gabeko kriminalizazio prozesua ari dela bizitzen Katalunia. Hori esan zen 42.000 lagunen aurrean. Kurdistan, Katalunia, Palestina, euren lurraldeak aldarrikatzen dituzten hainbeste komunitate. Ze elkartasun adierazi behar diegu gure herriaren memoria hain merke saltzen badugu? Gurea defendatu eta aldarrikatzea da elkartasunik handiena. Kurduek dioten moduan: «Berxwedan Jiyane». Erresistentzia bizitza da.