Espainiako Armada eta Gobernua ari dira urtemuga prestatzen, ikusi nahi ez duenaren betiko begiradarekin. Kolonialismoari gorazarre, emakumeen bortxaketei, esklabotzari, aberastasunen lapurretei, kultura eta hizkuntzen genozidioari gorazarre. Eta gu (gu esatea gehitxo dela jakin arren) hor, espainiar armadaren Elkano ontzia Getariara etortzearen aurkako mozioak onartuagatik, ikusi nahi ez duenaren begirada berberarekin, ekimenak eta, nola ez, turismo eskaintzak prestatzen.
«Bost mende ez dira alferrik pasa» esan behar genuke, baina ez dakit ez ote diren alferrik pasa. Aste honetan eman dute jakitera Europar Batasunak eta Mercosurrek (Argentina, Brasil, Paraguai, Uruguai eta Venezuela) merkataritza askerako akordioa lortu dutela. Akordioa sinatsera iritsiko balira 800 milioi kontsumitzaileko merkatua sortuko lukete. Mugazergarik gabe etorriko dira zerealak eta haragia. Mugazergarik gabe bidaliko ditugu autoak eta etxetresnak. Eta joan-etorri guztietan, kapitalaren metatze ase ezin honetan, bertan jarraitzen dute elkanotarren bortxaketa, lapurreta eta genozidioek. Gure aukera da ikusi nahi ez dutenen begirada betikotuaz jarraitu edo ertz guztiak erdira ekarri nahi dituen begiradaz ekin.
Baina Mercosur eta Elkanoren bueltan elkarrizketa bat burutik kendu ezinda nabil. Xabier Alberdi historialariaren hitzak dira: «Estratega handi bat, aparteko enpresari gisa ikusten dut Elkano, ADEGIko presidente baten antzera. Abentura sena duen ekintza gizon bat. Arrakasta nola edo hala lortzeko zer egin behar den pentsatu eta esango duen Jose Luis Korta bat. Ez gara jabetzen Elkanok egin zuenaren tamainaz eta gainera euskaldunok ez dakigu gure burua saltzen». Euskaldunok ez dakigu gure burua saltzen… Ejem… Elkanok bizirik jarraitzen du.