Hamabigarrenean aidanez

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Sarasola 2018ko abe. 9a, 10:00

Euskaraldia hasi orduko, hamabigarren egunari begira jarri gintuen Amets Arzallusek: «Zentzua eta indarra hartuko du hamabigarrenean». Eta kanpainaren lelo bilakatu zen denbora gutxian.

Baina, esaldi hau Euskaraldia bera hankaz gora jartzeko moduko elkarrizketa baten parte zen: «Orain, mundu guztia dago euskararen alde, baita euskararen heriotza diseinatu eta praktikatu zutenak, eta haien oinordeko denak ere». Kursaaleko itxiera ekitaldiko lehen lerroak hutsik geratzeko moduko adierazpenak ziren, baina itzalean geratu dira.

Nahiago izan dugu irribarrez heldu erronkari, guztiei eskua, ahoa eta belarriak eskaini. Ados, akaso, egoerak horixe eskatzen du. Baina, euskaldun bezala ahaldundu beharraz aritu gara egunotan eta, esan, nola ahaldundu gaitezkeen kateak non ditugun eta nork lotu dizkigun ez badakigu. Nola indartu daitekeen hizkuntza bat ahultzearen arrazoiei begiratu nahi ez badiegu. Esan, zergatik ukatu behar diogun hizkuntzari duen pisu politikoa (politikoa diot, ez alderdikoia), iritsi garen lekura batzuen erabaki eta jazarpen politikoagatik heldu bagara.

Iparraldean Mundu Gerrek sortu zuten arrakalari, Hegoaldean Frankismoak eragindakoa gehitu zitzaion eta horri garapenaren inperioak jarri zion azken ginda. Hala, jazarpen linguistikoari, klasearena gehitu zitzaion. Galdetu, bestela, Tolosan bertan, zenbat hasi ziren gaztelaniaz hizketan euren baserritar jatorria ezkutatzeko edo kaletar izan eta baserritik zetozenengandik bereizteko. Bigarren mailako kultur izaera horretatik atera ahal izateko, txingurri lana izan da euskalgintzarena. Horregatik, ezin ulerturik gabiltza, ezagutzak gora egin ahala, zergatik egin duen erabilerak behera. Bada, finean, «una, grande y libre» horrek bertan jarraitzen duelako, frankistei globalizazioaren «askatasun» kamuflatua gehituta.

Hizkuntzek komunitateak, kulturak eta hizkuntza horretako hiztunenak soilik diren komunikazio kodeak sortzen dituzte, eta ze beldurra ematen duen horrek zuri-beltzeko mundu honetan! Egin ditzagun hizkuntzaren erabilera sustatzeko ariketa ahalik eta parte hartzaileenak, baina herri mugimenduetan gabiltzanoi dagokigu euskara komunikazio bide izatetik, tresna askatzaile ere bihurtzea. Ezin garelako aske izan hizkuntza eta kultura zapaltzaileetatik. Eta hasi moduan, Ametsen hitzekin amaituko dut: «Herri hau euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!