60 urte

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Sarasola 2018ko mai. 13a, 21:16

«Ama, zer esan nahi du hitz horrek?» (ahoskaezina zen niretzat). Amak, sei urteko alabaren galderari nolabait erantzun nahian: «Askatasuna, edo antzeko zerbait». Hala jaso nuen amnistia hitzaren lehen definizioa.

Eta gogoan dut, goizero-goizero, ikastolara bidean, lagunari tinbrea jotzera joaten nintzenean, amnistiako giltza marraztua zuen pareta baten aurretik pasatzen nintzela eta «askatasuna» esaten nuela neure baitarako.

Bertan baleude bezala ikus ditzaket Lasa eta Zabalaren aurpegiak elizako paretan pintaturik, eta gu aurrean jolasean, artean nor ziren ere jakin gabe. Edo herriko postontziaren ondoan zegoen kartzelako ate margotu hura, barroteen artean herriko presoaren argazkia zuena eta okindegitik bueltan haren aurretik pasatzen nintzela. Edo herria esnatzerako berriz ere pintatutako paretak «garaipenera arte», «jo ta ke» edo izen bat mira baten barruan.

Pixkanaka, pareta margotu horien gordintasunaz jabetuz joan nintzen. Bonba zartadak (urrun edo gertu, ze isiltasun), atxiloketak (gertu, beti hain gertu), manifak (batzuek esku ahurrak gora, besteek ukabilak), sasia (norbait aspaldian ikusi ez, baina non dagoen ez galdetzea), espetxea (barruan daudenak, jasan ezin izan dutenak, kanpoan zain daudenak), legez kanporatzeak (zentsuratik auto-zentsurara nola gindoazen pixkanaka), torturak (norbere larruan jasan gabe ere, betikotutako mamua), aurpegi estaliak (batekoak eta bestekoak). «Odolkiak ordainetan», horrek zirudien bizilege.

Zenbat aldiz egin ote digu bihotzak krak? Ekintzengatik, amorruagatik, kontraesanengatik, hitzak bilatu ezinagatik, maitasunagatik. Zenbat urte zuria edo beltzaren artean aukeratu ezinean, zurian gaizki, beltzean deseroso eta ortzadarra ezkutuan.

Historia bat eta borroka modu bat jaso genuen herentzian. Hau da nire hogeita bederatzi urte hauetako iruditegiaren zati txiki bat, bat gehiago. Zenbat eta ze anitzak utzi dituen herri honek. Kontakizun hauek guztiak, denak, izango dira ondorengoen herentzia. Baina, batez ere, eman diezaiegun oinordetzan borrokarako grina, herri egiten eta herri izaten jarrai dezagun.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!