Nork hitz egiten du eguraldiaz?

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Sarasola 2018ko martxoaren 4a

Otsailak 28, iluntzeko bederatziak eta laurden, Gaur Egun albistegia bukatu berri. Gaur elurra egin du. Ez da beste konturik izan: hiriburuetako irudiak eta jendearen xelebrekeriak, errepideetako anabasa eta futbolariak (mutilak) entrenamendua egin ezinda.

Tartean, kontzertu ekonomikoaren 140. urteurreneko ekitaldia (trajedun gizonak protagonista), hau ere, Bilbon, hiriburuan. Honen ondotik, eguraldiaren tartea, elurra berriz ere hizketa gai. Eta horixe da, dirudienez, gaurkoan esateko zegoena.

Baina, ez dute esan, esaterako, Euskal Herriko zenbait txokotan kanpin dendetan bizi direnak elurpean esnatu direnik. Edo autorik ez hartzeko gomendatu arren, lanera ez agertzearen ondorioak zein izan daitezkeen. Elurrak baditu milaka aurpegi, baina ez, anekdotikoak kontatzen dizkigute, goizeko zenbaiten ilusioa, behin eta berriz, biderkatua iluntzera arte.

Ez uste arren, gaurkoan izan da bestelako albisterik. Berriak kontatu dit «Lizitazio baldintzak bete ez, eta enpresen etekinak %19 handitu dituztela erraustegiaren kontratuan» eta «Garro eta Mendizabal euskal presoak Mont-de-Marsanera hurbildu dituztela», Argiak «Florentino Perez eta PP-PSOEko bost ministro auzitegira bidali dituztela, Castor plataformaren iruzurragatik», Hala Bedik «LOMCE eta Heziberrik inposatutako azterketa Arabako 27 ikastetxetan egin nahi dutela», ATARIA-k «Bi asteko ultimatuma eman diotela Asuncion klinikako langileek zuzendaritzari» eta «Udal langileen protestari ere traba egin diela elurrak». Horra elurraren beste aurpegietako bat.

Bada, Argiarekin jarraituko dut, aukera baduzue irakurri Hedabideetan eragiteko tresna politikoa erreportajea. Bertan azaltzen da soilik Gipuzkoako Aldundiko publizitate kanpainetatik soilik zenbat diru jasotzen duten hedabideek. Begiratu nor dauden gehien jasotzen dutenen artean eta, orain, hasi errepasoa egiten: Nork hitz egiten dizu, egunero, eguraldiaren kolore guztietako alertez?

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!