Tradizioak kontraesan

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Sarasola 2017ko abenduaren 23a

Kontraesanen garaia ate joka: Gabonak. Espiritu batek haurdun utzita, Amabirjinak erditutako profetaren jaiotzak bazterretan. Udalek herriko txokoetan jarriak. Eskola-umeek, atez ate, kantuz goraipatuak.

Tradizio zenbaitek kontraesanak adina konplexu sortzen dizkigute. Badute zerbait beti bertan ezagutu izanagatik-edo, geure sentitzen dituguna, baina aldi berean, barruan hazkura sortzen digutena. Eta, hala, adabakiak jartzen ditugu, iraultzeko ausardiaren faltan, pixka bat geureago edo modernoago sentitu nahian. Inor gai al da Belenera doazenen alboan Olentzerok zer egiten duen azaltzeko? Kixmiren sorreratik biziraun zuen Jentil bakarra omen, basoko ikazkin bakartia, baina egungo eredu «on» guztietara konplexurik gabe moldatu duguna. Errebeldia guztia kendu diogu: ardoa, esku zikinak, tripa, pipa eta bakardadea (emakumea behar zuen alboan, to Mari Domingi).

Tradizioa: Kultura baten funtsezko osagaia, giza-taldeak euren nortasuna eraiki eta beste giza taldeetatik bereizteko erabilia. Horixe da tradizioa definizioz. Baina… noiz du talde batek aurrekoena eraldatzen (edo garatzen) hasteko eskubidea? Noiz (eta nola) deseraikitzen dira tradizioak identitateari eutsiz? Edo noiz da zilegi azken mende luzeetakoak iraultzea, antzinagokoak direnak berreskuratzeko? Zergatik ez dira deuseztatzen inposizioaren bidez errotutako sinesmen eta erritualak? Tradizioa nortasun eta bereizte ikur bada, zergatik ez berreskuratu erlijio garaien aurreko ohiturak, benetan identitatea ikur direnak?

P.D.: Bai, akaso gauzak zertxobait aldatu dira, beste garai batean sutan erreko ninduten. Neguko solstizio on!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!