Komunala

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Sarasola 2017ko urriaren 22a

Nunca Mais zioten duela hamabost urte. Orduan bezalaxe, oraingoan ere, erakunde publikoen utzikeriaren aurrean, auzolanean dihardute: hondartzak garbitzen lehen, sua itzaltzen orain. Bi hitzetan azaltzen zaila den errealitatea da Galiziakoa. Sua bertako gizartearen parte da.

Pospoloekin konpondu izan dituzte auzoko liskarrak, horrela garbitu dituzte lurrak edo distraitu dute polizia. Baina errealitate aldaketak, kontrolagaitz bilakatu du egoera. Landa eremu utzi bat, zahartua.

Oinordekotzagatik, errentagarritasuna galtzeraino, geroz eta zati txikiagotan banatu diren jabetzak. Besteak beste, paper fabrikek bultzatuta eukaliptoz jositako lurrak (sua maite duen landarea, sua maite duten herrian).
Tragedia bakoitzak berarekin omen dakar zerbait ona. Erraza ez den arren, distantzia honetatik, poz apur bat sentitu dut sugarrei begira. Batzuek su-piztaile terroristak aipatzen dituzten bitartean (betikoek dena terrorismo hitzarekin konpontzen baitute), beste batzuk lurralde antolamenduaren eztabaida mahai gainean jarri dute. Eta hortxe daukagu ondorengo urteetako erronka nagusienetako bat. Desberdintasun nabariekin, baina hemengo eta hango errealitateak ez direlako hain ezberdinak.

Lurren gehienak esku pribatuetan egonagatik, lurraldeak ondare komunala izaten jarraitzen du: elikagaiez, ekologiaz eta nortasunaz ari garelako. Baina, eguneroko politiketan landa garapen orekatu baten aldeko apusturik egin ezean, lurjabe eta zaindari diren horiek jabe huts bihurtuko dira. Ondarea bezalaxe, erantzukizuna ere komunala da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!