Horietako zenbat izan ote ditugu konplize? Zenbatek erakarri ote gaituzte? Zenbatek amorratu? Zenbatek negar eginarazi? Kimika hutsa da, erreakzio bat edo beste konbinazioaren arabera.
Demagun…
Kalean zoazela ezezagun bat aurrean geratu zaizu eta galdera tuntunen bat egin: «Barkatu, ze ordu da?». Eta ez dakizu zergatik, baina kolpetik ihes egiteko gogoa sartu zaizu. Erreakzioa gertatu da: egonezina, hotzikara. Batzuek badute begiradan halako zerbait hozkia sentiarazterainokoa.
Baina, konbinazioa aldatuta bestelakorik ere gerta liteke. Kalean zoazela ezezagun bat geratu eta… Imana sentitu duzu. Erreakzioa gertatu da: irribarretxoa, urduritasuna, poz txikia. Batzuek badute halako zerbait, begiradari eustea ere kosta egiten zaizuna.
Halabeharrez egunero ondoan izan behar duzun hori, ikaskidea duzulako, edo lankidea, edo nik-eztakit-zer, baina hor dabil beti inguruan. Zure onetatik ateratzen zaitu, barrua korapilatzen dizu, zakartu egiten zaitu. Ez diozu ezer txarrik opa, baina ez zaizu opatzeko ezer onik bururatzen. Izan nahi ez zenukeen guztia izatera behartzen zaitu. Erreakzioa gertatu da: eztanda, amorrua. Pribilegiatu hutsa zara bizitzan horrelakorik topatu ez baduzu.
Konplizeak. Hitzik gabe elkar ulertzeko gai zaretenak, baina hala ere, isildu gabe orduak pasatzen dituzuenak, malkoa atera arte barre egiten duzuenak. Elkartzen zareten bakoitzean zaretena izan beste lanik ez duzuenak. Bizitzak eman dizkizun opariak dira. Erreakzio katea da: maitasuna izan liteke laburpen on bat edo KIMIKA (bai, hizki larriz). Eta horrelako gauzak egitera bultzatzen zaitu: idatzi oso bat maite ditudala esateko. Zuentzat.