Eta zerrendan agertzen ez zen irudi bat etorri zitzaidan burura: amona ahulki txikian eserita amantalean babarrun aleak bereizten. Askorentzat irudi mitifikatu edo nostalgiko bat besterik ez da izango. Bada, gaur egun, irudi hori, jardun hori, dagoen gauzarik iraultzaileena izan liteke.
Azken mendean nekazaritza irauli dute. Munduko biztanleen elikadura eta osasun premiak asetzetik, negozio iturri ikaragarria izatera pasa da. Beste merkatuen eta industrien itzalean geratu zaigun sektore hau askatzen hain erraza ez den armiarma sarez inguratu dute. Eta sarea ehundu duen armiarmatzarrak izen bat du: Monsanto.
Eurak ari dira munduko haziak patentatu eta hazi bankua sortzen, haziak antzutzen eta genetikoki eraldatzen, soilik eurak merkaturatzen dituzten produktu kimikoekin errentagarria den monolaborantza sustatzen, nekazaritzako lur emankorrenetakoak bioerregaietara bideratzen. Via Campesinak emandako datu bat: «Eredu honekin munduko biztanleria elikatzeko behar denaren %150 ekoizten den arren, inoiz baino gehiago dira gose direnak, 900 milioi pertsona, eta horien artean, hirutik bi nekazariak dira». Egun, lurra duena ere gosez hiltzen da.
Pentsa herri bezala zer ginatekeen, elikadura burujabetza erdigunean jarriko bagenu. Eta burujabetza hori lortzeko tresna gisa agroekologia hartuko bagenu. Orduan, halabeharrez, erdigunean jarriko genituzke lurraren jarraikortasuna, energia eredua, herri nortasuna, parekidetasuna (nork uka amantaldun amonaren ahalduntzea?), kontsumo eredua… Irudi poetiko bat baino askoz ere gehiago da: amantaletatik mundua eralda genezake.