Badut lagun bat

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Sarasola 2017ko martxoaren 19a

Badut lagun bat. Jaiotzetik zamatu zuten, bere genero, estatus, familia eta normaltasunaren moralismoa. Ohartu zen arte, katez lotuta zeramala besteek beraz espero zuten hori, aurrera zihoanetan ere zeharka begiratzen ziola kate hari.

Orduan hasi zen lotura askatu nahi horretan, barrura begirako bidaian. Baina, kateak askatu ahala, bizipenen urratuek zamatu zuten.

Lehen, bere sorgin senak hala agintzen zionetan, norbaitengan itsuki sinesteko gai zen, baina behin senak huts egin zionetik, ezer ez da berdin. Urik ba ote zegoen jakin aurretik ere salto egiten zuen, guztiari baietz. Baina bi, hiru, lau proiektu hankaz gora joan zitzaizkionetik, gauzak ez dira lehengoak. Izan zen garai bat maitatzeak minik ematen ez ziona, baina joaten utzi behar hartatik, asko aldatu zaizkio kontuak. Lehen, malda elurtuetan beherako abiadak eszitatzen zuen, baina istripu hark dena aldatu zuen. Eta hala, harresiak eraiki zituen bere inguruan, inor aterik jo gabe sar ez zedin. Segurtasun uhala lotu zion bere buruari, lotu beharrekoa beldurra zela konturatu gabe. Kateatu zituen besoak, hankak eta mihia inpultsoak kontrolpean izateko, eskerrak noizean behin eurak askatzen zaizkion, ustekabean.

Hau da nire lagunaren historia, neurea eta zeurea. Eraiki eta deseraikitzea, «makro-juizio intimoetan» urratuak osatzea, eskema zurrunak haustea eta, ahal dela, berrietara ez korapilatzea. Hitzak jartzea eta oskolak zartatzea, zeureak eta besterenak. Bidea bidelagunek ederragotzen dutelako, ireki ateak eta askatu segurtasun gerrikoa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!