Hartxintxarrak

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Sarasola 2017ko urt. 8a, 11:57

Urteak daramatzagu hartxintxar izaten. Pausu ziurrez, aurrera doazen erraldoien zapatetan sartzen garen harri koxkorrak gara. Deserosoak gehienentzat, zikinak askoren ustetan, baina ederrak gara. 

Hartxintxar izan ginen Itoitzen eta Lemoizen. Hala izan gara eta bagara, AHTaren proiektuan eta errauskailu madarikatu honetan. Harri koxkorrak gara errefuxiatuak autokarabanetan sartuta muga pasatzen saiatzen garenean. Hola, muy buenas esan eta, hala ere, euskaraz hizketan hasten garen bakoitzean. Etxe bat okupatzean edo gaztetxeak autogestioz aurrera eramaten ditugunean.

Hartxintxarrak gara gure sexuak ez duela gure generoa baldintzatzen esaten dugunean, hankarte berdinekoak gustatzen zaizkigula esandakoan, haur bat izan nahi dugula eta haur horrek aita-amak beharrean bi aita izango dituela adieraztean, ez dugula ama izan nahi aipatzean, ez garela panpinak aldarrikatzean. Goxo esanda ulertu ez eta oihuka, inoiz baino harri koxkor zikin eta deserosoago bihurtuta, bularrak agerian eliza batean sartzean, paretak morez pintatzean, gorputzak odolez margotu eta lurrean etzatean.

Hartxintxarrak gara «etxean nahi ditugu» esaten dugun bakoitzean, ekitaldi ponpoxoak aldarri oihuekin eteten ditugunean. Hartxintxarrak dira / gara Luhuson atxilotu zituztenak / gintuztenak. Hartxintxar izango gara urtarrilaren 14an Bilbora joango garen guztiok. Txuri beltzeko mundu honetako koloreak gara, lurperatutako errealitateen ahotsa, bertsio ofizialen beste aldea. Ez dago pausu ziurrik zapatetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!