Aralar eta erdibideak

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Sarasola 2016ko azaroaren 6a

Beste behin ere, zabaldu da lubakia nahastu ezinezko diruditen bi munduren artean: naturazaleak eta abeltzainak. Paradoxa galanta natur inguruneen kontserbazioa nekazaritzari eta abeltzaintzari hertsiki lotua dagoela uste dugunontzat.

Beste behin, lehertu zaigu auzia muturren aurrean eta, beste behin, ez dago denbora nahikorik eztabaida sakonetarako, sanoetarako, berdinetik berdinera hitz egiteko, (badaezpada ere) makinak lanean hasiak direlako. Aralar urratzen hasiak dira.

Maite dut Aralar. Maite ditut, izatez naturalak ez, baina artzaintza eta abeltzaintzari esker, mendeetan zehar natural bihurtu diren larre horiek. Maite ditut jabetza pribaturik gabeko lur horiek. Eta hementxe dago «koxka», lur hauen publikotasunean eta publikotasun horrek dakarren erabiltzaileen aniztasunean eta, nola ez, lurraren izaeran eta horrekiko errespetuan.

Ez naiz ni izango nire etxeko epeletik, erosotasunetik, artzainei mandoz ibiltzen jarraitu behar dutela esango diena. Ez naiz ni izango itsu-itsuan pistei ezetz esango diena, nahiz eta barrenak korapilatzen zaizkidan proiektua irudikatzen dudan bakoitzean. Baina, kontuan izan gabeko aspektu eta iritzi gehiegi dago hemen. Parke Naturala da Aralar eta Natura 2000 sarean sartuta dago. Horrek dakartzan legedi zorrotz eta diru-laguntza guztiekin. Horrek guztiak, gutxien gutxienean, nahitaez bermatu beharko luke erabakimena duen mahaiaren aniztasuna. Ezin da ulertu jasangarritasun ekologikoa urratzen duen proiektu hau sektore baten onarpenarekin soilik gauzatzea.

Auzia katramilatsuegia da 1500 karaktere hauetan azaltzeko. Baina, galdera bat hausnarketarako: Demagun proiektua gauzatu dela, zein neurri hartuko dira orain egindako kalte ekologikoa konpentsatzeko, orekatzeko?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!