Kontraesanetan dantzan

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Sarasola 2016ko ekainaren 19a

Askatasunaren seme-alabak gara. Kristautasunaren atzaparretatik askatutako herejeak. Emakume independenteak, langileak, ama berantiarrak. Gizon etxekoandretuak, parekideak (nahiz eta sarritan kopeta belztu). Maitasun askearen deskubritzaile ustekoak. Ekologikoetan ekologikoenak. Pertsona kritikoen hezitokian ikasiak. Hippien eta Punkien ondorengo belaunaldia. Markos eta Che komandanteen jarraitzaile sutsuenak.

Mundua jan behar genuen, mundua eraldatu behar genuen, horretarako tresna guztiak eskura utzi zizkigutelako. Baina, munduko jauntxoek aldatu gintuzten gu. Elizaren sermoiak sinesteari utzi genion, baina morrontza berdinera garamatzan doktrinak irentsi ditugu. Irudiaren munduak irentsi gaitu.

Barruraino sartu zitzaizkigun Disneyren marrazki bizidunak, printzesaren salbatzaile ausarten balentriak. Nerabezaroko pelikula amerikar patetikoenak, institutu garaiko futbol taldeko liderra eta animatzaileen taldeko liderraren maitasun istorio xarmantak. Bizitzan ia inoiz gertatzen ez diren karanbola perfektuenetan itsuki maitemintzen diren bikoteen pelikulei begira hazi gara (esan gabe doa, bikote diodanean heterosexual monogamoez ari naizela, gainerako aukerek beste baterako beharko dute). Bular perfektu, ipurdi lirain, bizkar zabal, gihar landu eta ile distiratsuak. Auto handiak, lanbide elitistak, gurasotasun perfektuenak, etxe ederrak (bost ume sartzeko adina espazio dutenak).

Nahigabean, frustrazioan erori gara. Norbere burua eta gorputza maitatzeko jarri diguten ezintasun honetatik zaila da ondokoa aske maitatzea («ziur beste edonor gehiago maite duela» eta jeloskor kronikoak bihurtu gara). Kontsumoa beharra bihurtu zitzaigun egunetik «ekologikoak» izateari utzi genion. Kontraesanetan dantzan pasatzen ditugu egunak.

Hauxe da gure iraultza: barruraino sartu diguten iruditegi hau hankaz gora jartzea, gure gorputzak eta buruak askatzea. Baina, batez ere, gure loturaren sortzaileak identifikatzea. Eurak lotzen ditugunean askatuko garelako gu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!