Egia da, hemen ere bada bestelakorik, ez pentsa indioen erreserba itsurako batean bizi naizenik. Hemen ere, badira gu baino are eta egoskorragoak direlako, euren hautu politikoa izan delako, beharrik sentiarazi ez diegulako edo behartu ez ditugulako (zergatik ez?) euskaraz ikasi ez dutenak. Hauez gain, badira, euskaradun izanagatik ere, ilustre ustean-edo, erdaraz mintzo direnak.
Orain arte kontatu dizuedana, betiko leloaren betiko leloa da. Ezer berririk ez. Honez gero, askok pentsatu duzue: «Euskaldun puritano baten betiko kontuak». Benetan diot, aspaldi, zin egin nion neure buruari euskaldun-diskurtso-topikoetan ez nintzela eroriko. Bada, jarri zaitezte, zelatari, Anoetako Ikastolarako bidean, parkean, herriko plazan. Umeak dabiltza, jolasean, borrokan, barrez: uste (eta nahi) baino gehiago, gazteleraz. Barre guk egingo genuen, duela urte batzuk, egoera hau kontatu izan baligute. Gurean ezinezkoa zen horrelakorik!
Hizkuntza-ekologiak hala dio: «Hizkuntza bat salbatzeko, ez da hizkuntza bera salbatu behar, baizik eta haren habitata». Gu arnasguneak ere itotzeko kapazak gara. Ez dakit habitata aldatu dugun edo zer arraio egin dugun, baina hasi gaitezen eragiten. Etorkizuna umeengan dela uste izan eta kuxidade ederra daukagu! Zer ikusi, hura ikasi diote. (Topiko batekin amaitu beharra ere…)