Hala dabiltza

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Sarasola 2016ko api. 3a, 20:00

Agian hasieran bertan ekibokatu ginen, mundura euskaldun sortzean», hala dio Sarrionandiak. Eta akaso, beste asko ekibokatu ziren Damaskon, Alepon, Dikwanen, Erbilen jaiota. Aberri egunaren biharamun honetan, aitortzen dizuet, Idomeniko txarrantxa hesiek odola irakinarazten didatenetan, izan dudala tentaziorik banderarik eta aberririk gabeko mundua aldarrikatzeko.

Egun, mugek eta banderek min ematen dutelako, besteenek nahiz geureek. Baina ez, maite ditut gure mugak, baita ditxosozko trapua ere, garenetik munduari beste kolore bat eman nahian. Gurea askapen borroka izan delako beti, ez du egungo ekonomia edo erlijio konkistarekin zerikusirik.

Hala dabiltza: batzuek jainkoa aitzakia, besteek txanponak amets, denek boterea jomuga. Xake partida bateko peoi hutsalak bihurtu gaituzte. Mugaz gaindi, itsasoz gaindi, xake-mate bakoitzean erortzen garen dorreak gara. Brusela edo Lahore, ezberdintasun bakarra: Europan hilotzek izen-abizenak eta bizi-proiektuak dituzte, gainerakoak zenbaki hutsak dira.

Albistegiei begira, begiak zabal, geure buruak imajinatzen ditugu metroan, eztandaren aurreko momentuetan. Komunikabideek esan digutelako gu bezalakoak zirela hildakoak, gu izan gintezkeela. Baina ez digute esan Europan ate joka ari direnen izenik, urrunago sentitzen ditugu. Hala, «eskubideen Europa» uste eta «merkatuen Europa» den honek, saldu egin ditu merkantzia bailiran. Eta Turkiak erosi, munduaren isiltasunaren truke. Kurduen aurkako sorgin-ehizak jarraipen ziurra du. Hauek ere, agian, ekibokatuko ziren, baina «gero ez genuen iraultzaren borrokatik apartatzen jakin», han jarraitzen dute direnetik munduari beste kolore bat ematen. Eta kurduek munduari koloreren bat eman badiote, morea eman diote.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!