Bizi eta iraun

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Sarasola 2016ko otsailaren 28a

Larri dabiltza petrolioa ateratzeko hodiak egiten dituzten enpresak, urre beltza gainbeheran omen delako. Larri burdina lantzen dutenak, Txina indarrean delako. Larri Aramaion, egoskorkeriaren trena egiteko lanek arrakala sortu dutelako lursail batean (ez da hainbeste denbora Hernialden alarma gorria piztu zenetik). Zerrenda nahi adina luza nezake. Larri gabiltza denok, arrazoiak berberak ez izanagatik.

Sailburua Europara bueltaka, gure enpresen lehiakortasuna aldarrikatuz. Diputatu nagusia lasaitasun mezuak zabalduz, Gipuzkoako ekonomia sano dagoela haizatuz. Titulua galtzeko gutxi geratzen zaion Gobernu burua harro, langabezia datuak onak omen direla eta. Munduaren hariak mugitu nahi dituztenak negoziaketetan, Ameriketako Estatu Batuak eta Europa merkatu bakar bihurtu nahian (gogoratu, «Una, Grande y Libre»). Eta gutako asko, ia nahi gabe, hauei begira, lehenagoko apar garaiak noiz etorriko diren zain. Baina, aparra horixe da: momentuko indarra, haizezko burbuilak eta biharko eskasia.

Badirudi goian aipaturiko horiek (eta euren gisako beste hainbestek) ematen diotela indarra munduari. Indar horri jarraika, benetako garapenak (historian hizki larriz idazten den horrek) esanahi bakarra duela sinetsarazi digute: ekonomikoa. Gisa berean, haizezko burbuilak baliran, izen bakarra eman nahi izan diete eurena hankaz gora jartzen duten ideiei: (800 kilometro korrika duintasuna aldarrikatzeko?) utopikoa. Baina, garapenak (bere utopia eta haizezko burbuila eta guzti) zentzu bakarra dauka: biharko eskasiarik ekarriko ez duen gurpila osatzea. Eta horrek ere zentzu bakarra dauka: lurra erdigunean jartzea. Lurrarena ez delako apar kontua, ez delako sistema krisia: biziraupen kontua da. Bizi eta iraun.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!