Sua ari du

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Sarasola 2016ko urtarrilaren 17a

Orain artean, suteak Galizian eta Penintsula behealdean izaten ziren. Piromano halakoak! Guri ez zaizkigu bazterrak erretzen, nola ba!

Ba bai, hemen ere erretzen dira eta ez du balio euririk ez duela egin esan eta horretan geratzeak. Katearen katebegi bat besterik ez da izan. Hobe esanda, kate hausturaren begia.

Jada ez dugu ikatzik behar. Jada ez dugu sutarako egurrik behar. Jada ez dugu zuraren beharrik (Txiletik itsasontziz ekartzea merkeagoa da eta!).

Gure aurrekoek insignis pinuz bete zituzten bazterrak eta gu hemen, zer egin ez dakigula. Herentzian jaso ditugu sailak, baina bizi ziren artean ahaztu egin zitzaigun galdetzea sail horiek non arraio dauden. Eta non dauden jakinda ere, hasperen egiten dugu. Orain ez dute balio nahikorik eta gainera, gaitzak jo dizkigu.

Geratzen zaizkigun pagadiak Natur Parkeetan babestu ditugu. Baina, kasu honetan ere, nola lepatzen ziren galdetzea ahaztu zitzaigun. Europatik babeserako laguntzak bidaltzen dizkiguten arren, diru horrekin zer egin asmatu ezinik gabiltza.

Kalekumeok maite dugu basoan, nahiz zelaietan pasioan ibiltzea. Baina, gorroto dugu sasi artean trabatzea. Bada, larrean zebiltzan animalia guztiak ukuilu handietan sartu ditugu (zenbat eta handiagoak, hobe!). Eta sasiak hartu gaitu. Eskerrak basurdeek eta orkatzek behintzat, euren lekua aurkitu duten!

Urte amaierako suteen txinparta auskalo nondik datorren (interesak, axolagaberen bat…). Baina, su-gaia guk jarri dugu. Orain, bi aukera ikusten ditut: gizakiak, berriz, katebegiak jartzea, edo mendiak bere kasa utzi, eta oreka nola aurkitzen duen ikustea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!