Logika horri jarraika, pasa genezake bizitza osoa isilik. Parisen lehertu aurretik, beste leku askotan ere lehertu zirelako bonbak eta lehertzen jarraitzen dutelako, lehertzen ditugulako. Maliko bahiketan hil zituzten batzuk, baina Keniako unibertsitate bateko 147 hildakoak beltzegiak zirela dirudi. Ondoko herrian erailketa pasionala gertatu da (bai, maitasunagatik omen) eta isilunea egin beharko, baina pasionala dela haizatu dutelako ere pasa ditzagun beste bost minutu isilik. Festetan bortxaketa saiakeragatik isilduko gara, baina isildu gaitezen beste hamar minutuz neskak bakarrik zer egiten zuen burutik pasa zaigulako. Memoriagatik isildu gara, baina memoria horretan tokirik egin ez zaienengatik ere isildu gaitezen. Baina, ez gaitzatela isilarazi.
Bi gauza oso ezberdin dira isilik geratzea eta hitzik gabe geratzea. Gutxienez, probestu dezagun minutu bakoitza gertaeraren muinaz hausnartzeko. Ez gaitezen erori biktima paperetan, haiek eta gu, onak eta gaiztoak topikoetan. Isilik geratzekotan, izan dadila gertatzen denari hitzak jartzeko, erantzuleak identifikatzeko, guk aukeratzen ditugula konturatzeko. Zenbaitzuen politikak beharrezkoak dituelako desorekak, izan arrazagatik, generoagatik, estatusagatik edo begien koloreagatik. Oihukatzeko arrazoi gehiago dago isilik egoteko baino.