Beldurrak

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Sarasola 2015eko urriaren 25a

Ume nintzenean, beldurrak otsoa Benitoren aurpegia zuen. Nonahi ager zitekeen, zuhaitz atzean, Baserriko mandioan, etxeko ganbaran… Oraindik ere, begiak itxi eta izan nintzen haur hura ikusten dut basoan, pago zahar baten zulora poliki gerturatzen, sabeleko korapiloagatik ia arnasarik ere hartu ezinda. Orduz geroztik, otsoak beste hamaika itxura hartu ditu. Izan da emakume, gizon, ideia, mamu, suge edo su.

Egun batean, beldurrari beldurra deitzeko pribilegioa galtzen dugu. Handiek ez diotelako ezeri beldurrik. Eta handi izan nahi horretan, hasten gara beldurra tapatzeko hamaika aitzakia asmatzen eta otsoari edozein animalia otzanen larrua jartzen. Biharko utzi ditugun erabaki asko ez direla alferkeriagatik izan ohartu gabe, sortu ditugun harreman askoren atzean bakardadeari diogun beldurra dagoela onartu gabe edo lotsaren atzean ipuinetako mamuak daudela konturatu gabe.

Baina, badira egunak beldurra bere izen eta izanarekin kolpetik agertzen dena, izu bihurtzeraino, norberak bere barne-borroketan izan ditzakeen beldurrak huskeria bihurtzeraino. Aste honetan izan da halako egunik, adin txikiko batek adinez zaharregia dena egin duelako, neska bat bortxatu duelako, beste behin gertatu delako.

Beldurra ez dit sortzen umetan fantasiazko otsoak imajinatzen nituen lekuan benetakoak egon daitezkeela ohartzeak, hori aspaldi ikasi genuen. Izua sortzen didana, oraindik ere, otsoak hezten jarraitzen dugula ikustea da, gainerakoak ardi izatera behartzen gaituzten bitartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!