'Homo nadeli', esaidan

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Sarasola 2015eko irailaren 20a

Kontatu didate Afrikan aurkitu dutela Homo berri bat. Irakurri dut orain arteko giza eboluziaren teoria aldatu omen lezakeela aurkikuntza honek. Zientzialari bati entzun diot orain artean zuhaitz baten egitura bidez azaldu dela gizakiaren garapena, baina litekeena dela zuhaixka baten antz handiagoa izatea. Hau da, ez dugula enbor bakar bat jatorri, sorreratik adarkatzen garela baizik.

Homo nadeli-k atera dit azkenaldian inork atera didan irribarrerik baikorrena. Egunean hamaika aldiz galdetzen diot neure buruari «nola liteke?». Albiste honek erantzunaren hasiera eman didala sentitu dut.

Nola liteke guztiok jatorri bera izan eta hain norabide kontrajarriak izatea? Nola liteke herrialde osoak txikitzeko gai izan eta ordainetan gureak txarrantxa hesiz inguratzea? Nola liteke solidaritateaz hain merke hizketan aritzea, pertsona horien oraina eta etorkizuna suntsitzearen erantzule ez bagina bezala jokatuz? Nola liteke lurra eman eta hartu dela ahaztu, eta hartu eta suntsitu izatea helburu? Nola liteke botere harremanak izatea oinarri lantokian, ikastetxean, agintean, nahiz maitasunean? Nola liteke begiak gure zilborretik ezin altxa bizitzea? Nola liteke?

Homo nadeli, esaidan gizaldi guztiak ez garela hain ankerrak eta hain txepelak izango historia behin eta berriz errepikatzeko. Esaidan, badela kimu berriak sortzeko adina indar. Esaidan, denok ez garela enbor beretik sortuak, edo esaidan, gutxienez, enborra bera izanagatik ere, gainbehera hau adar batzuen kontua bakarrik dela. Esaidan zainetan badela bestelako mundu bat ernaltzeko adina argi.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!