Aste osoan urduritasuna nabarmena izan zen taldekideon artean… Nola babestu dezakegu gure atea? Nola gelditu ditzakegu aurkariak? Horiek eta beste zenbait galdera egiten ginen elkarri.
Larunbatean, aldageletara sartzeko kiroldegi kanpoan bilduta geundela iritsi zen Athletic handia autobusean. Jokalariak, bi entrenatzaile, prestatzaile fisikoa, fisioa, masajeetarako ohea... guztiak autobusetik jaitsi ziren gure begiradapean eta urduritasunean.
Guk geure ohiko errutina jarraitu genuen: aldageletan motxilak utzi eta zelaiara igo ginen baloia pixka bat ukitu eta elkarrekin hizketan egotera. Oraingoan, aldiz, musikaren erritmoan dantza pixka bat ere egin genuen, bozgorailu handi bat jarri baitziguten zelaian (Antxonen burutapenak). Halako batean Imanol eta Saioa iritsi zitzaizkigun Anoetako Kuadrilla Egunetik eta aldagelara sartu ginen.
Partidari dagokionez, denboraldia etxean agurtzeko neurrikoa izan zen: eskakizun fisiko eta taktiko handikoa, edozein jokaldi borrokatu beharrekoa... 0-3ko markagailuarekin bukatu genuen, leher eginda baina ahal izan genuen guztia emanda. Leirek markagailua estreinatzeko aukera ere izan zuen baina publikoaren «Uuuuiiiiiii...»-an geratu zen.
Partida garrantzitsu honetan, beste behin, publikoak ez zigun huts egin. Oraingoan gainera, guraso, izeba-osaba, aitona-amona, kuadrillakoak, lagunak, kategoria txikiagoetako jokalariak eta beste zenbait interesdun ere gerturatu zitzaizkigun animatzera, eskertzekoa benetan.
Azkenik, larunbatean, finalerdiko itzulera izango dugu Lezaman, eszenatoki polita, garaipenerako?
Aupa Tolosako neskak!