[AULKITIK] Igotzeko presiorik gabe

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Garikano 2017ko azaroaren 15a

Azaroak 12, igandea, 15:15ak. Gehiengoa etxean goxo-goxo dagoen bitartean, gu autobusa hartu eta bagoaz Erandiora. Autobusa erabat betea, publiko bikaina daramagu gurekin batera, gurasoak ez ezik, futbola gustuko duten zenbait ausart ere animatu dira gu ikustera etortzera.

Partida aurreko beroketan sentsazio onekin gabiltza eta partidako lehen 15 minutuetan aurkaria menperatzea kosta zaigun arren, lehen zatiko gainerakoan sentsazio horiek zelaian islatu dira. Gure onenean egonik, Erandioren gola etorri da, baina handik gutxira, gurean jarraituz, jokaldi konbinatibo baten ondorioz etorri da Izarneren gola.

Nahiz eta bigarren zatian bi taldeak lehian jarraitu eta aukerak bi aldeek izan, epailearen txistuarekin 1-1eko markagailuaz amaitu da partida. Harmailaren berotasuna eta gure gogoa ez dira nahikoak izan 3 puntuak etxera ekartzeko.

Irabazteko aukera izanda puntu bakarra lortzeak amorrua ematen duen arren, oraindik ligan lider jarraitzen dugu, bigarrena puntu batera eta hirugarrena bira izanik. Lehia bizi-bizi dago, baina liga luzea da oraindik eta Imanol entrenatzaileak dioen bezala, guk ez dugu igotzeko inongo presiorik eta gurean jarraitu behar dugu, onena oraindik emateko baitugu.

Amaitzeko, eskerrik asko zaleei partidaz partida babesa emateagatik.

Ah, eta ahaztu gabe: Zorionak Mariari!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!