Berriro ere Bizkaiara bidaiatzea tokatu zaigu. Aurrez, bertan jokatu genituen bi partidetan ez genuen punturik lortu, eta oraingoan gure txanda zen. Sailkapenean atzeko postuetan geratzen ari gara, eta bai edo bai, irabazi beharreko partida zen. Autobusean joaten garenean elkar motibatzen saiatzen gara, gaurkoan posible dela esanez eta giro ona sortuz. Horrela, Igorrera iristean, hiru puntuak eskuratzeko esperantzarekin jaitsi ginen autobusetik. Musika alaiaren melodiapean berotzen hasi ginen, baina partidarako bost minutu falta zirela, Mirarik postura txarrean erori eta belaunean min hartu zuen. Hortaz, anbulantzian ondoko herriko anbulatoriora eraman zuten, eta guk, bitartean, partidari ekin genion.
Egia esan, lehenengo zatian gehienbat, aurkaria dominatua izan genuen, atzean intentsitatez jokatuz eta baloia gure jabetzan edukiz. Hala ere, aurrean aukera garbiren bat besterik ez genuen izan, eta 0-0arekin joan ginen aldageletara. Bigarren zatian aurrekoan bezain indartsu hasi ginen, lehenengo minutuetan aukera oso argia izanez. Baina azken aldian gertatzen ari zaigun moduan, beraiek aukera bat izan eta gola sartu zuten. Nahiz eta taldea burumakur geratu, korner batean buruz gola sartu nuen, eta orduan hiru puntuak eskuratzea posible zela pentsatu genuen. Hala ere, 88. minutuan beraiek gola egin eta hiru puntuak Igorren geratu ziren.
Min handia eman digun porrota izan da, aurkaria baino hobeto jokatu arren, berriro ere punturik gabe itzuli garelako etxera. Entrenamenduetan egiten duguna partidetan islatu behar dugu, eta hori oraindik ez dugu erabat lortu. Lanean jarraitu behar dugu, gure jokoa bilatuz. Talde bikaina daukagu, eta goiko postuetarantz joan beharra daukagu kosta ala kosta.