ARIMA ELIKATUZ

Lurraren zikloa errespetatzen

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Etxeberria

Inspirazioz larri nabil, eta ChatGPTra jo behar izan dut ideien bila: urriko eta azaroko nazioarteko egunak. Hori da bilatzailean idatzi dudana. Eta, zintzoa izan behar badut, ez dit gehiegi lagundu. Edo bai. Ez espero nuen moduan, behintzat.

Gogorarazi dit aste honetan Halloween dela. Gau Beltza. Eta aprobetxa nezakeen beldurrezko mozorroez, dietaren kulturaz edo beldurgarriak diren Ozempic-en moduko botikez eta pisua galtzea gomendatzen duten —nutrizioan trebatu gabe dauden— medikuez hitz egiteko. Baina, gure tradizioei jarraiki, ideia ona iruditu zait uztaren amaieraz, neguaren hasieraz eta garaikotasunaz hitz egitea.

Uda oparoa izan ohi da gure baratzetan: kalabazinak, piperrak, pepinoak, tomateak, bainak (edo lekak), alberjiniak, urazak… Uda oparoa izan ohi da, eta, garaiko produktu fresko asko kontsumitzeaz gain, ohikoa da etxe askotan —bereziki baserrietan— baratzeko produktuekin kontserbak egitea (baita Nafarroan erositakoekin ere): pikillo piperrak, tomate-saltsa, kontserbako bainak, pistoa, kalabazin-kremak… Horrela, neguan ere eskura izan ditzakegu udako produktu horiek, eta haien zaporeak gogora ekarri. Baina, aldi berean, baserrian bizi denak (edo baratzea duenak) badaki neguan ez duela tomate-entsaladarik jango: agian, tomatea deshidratatuta kontserbatuko du; agian, saltsan. Baina tomate freskoa jateko, datorren udara arte itxarongo du. Badaki garaikotasuna errespetatzen; edo, behintzat, ez zaio beste aukerarik geratzen.

Gainerako herrikideok, ordea, gero eta urbanitagoak garen honetan, gero eta deskonektatuago bizi gara ziklo naturaletatik eta baratzetik. Supermerkatuetako urte osoko oparotasuna une horretan baratzean dagoenetik oso urrun egon arren, erabat normalizatuta ditugu neguko tomateak eta udako brokolia. Normalizatu ditugu fruta tropikalak; normalizatu ahuakatea, kinoa eta txia. Sinestarazi digute, gainera, hori dela klase ertainekoa izatea (klase ertaina aspaldi desagertuta badago ere): urte osoan piperrak, tomateak eta azalorea jatea; urte osoan ahuakatea, mangoa edo papaia jatea. Hori dela oparotasuna, hori dela muturreko pobrezian bizi ez garenaren seinale. Zein nahasita gauden…

«Badakit, lurrak bere zikloa behar duela, bere denbora. Eta badakit hori errespetatuta, gusturago jaten ditudala elikagai horiek»

Nik argi dut nahiago ditudala udako produktu freskoak: nahiago ditudala tomateak aza baino, nahiago albertxikoak sagarrak baino. Baina badakit lurrak bere zikloa behar duela, bere denbora. Eta badakit ziklo hori errespetatuta gusturago jaten ditudala elikagai horiek. Pozik hartzen dut garaiko gerezia, udaberriaren amaieran. Pozik hartzen dut baserriko tomatea. Pozik jaten dut baratzeko brokolia, neguan.

Eta, agian, honek pribilegiotik ere badu. Baditudalako baratzeak inguruan; baserriko tomatea, etxeko arrautzak edo gurasoen baratzeko aza, azalorea eta brokolia jateko aukera dudalako. Eta eskertzen dut hori. Ezagutzen dudalako produktu on baten zaporea. Eta orain ez dut besterik nahi.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!