ARIMA ELIKATUZ

Ba al dakigu deskantsatzen?

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Etxeberria

Aurtengo uda ere nahiko aktiboa izan da niretzat: Pirinioetara lagunekin, mendian eta bizikletan ibiltzera bikotekidearekin... Eta azken urteetako oporren errepasoa eginez, antzekoa da patroia: bizikleta lagunekin, Pirinioak lagunekin, bizikleta ezezagunekin, Pirinioetara bikotekidearekin, Done Jakue bidea gurasoekin... Dena mugimendua, dena kirola.

Eta honen kontzientzia hartu dudanetik, askotan egin diot galdera neure buruari: ea nondik datorren hau. Ea datorren horrelako oporrak gustatzetik, edo datorren nire gorputzak existitzeko baimena izan dezan aktiboa izan behar horretatik. Eta ez daukat oso argi erantzuna. Zeren... erantzun azkarra da: «Jo, nik ezingo nuke apartamentua-hondartza-apartamentua-igerilekua formulan astebete igaro, erotu egingo nintzateke». Baina... ematen al diot neure buruari deskantsatzeko aukerarik? Ba al dakit deskantsatzen? Ba al dakigu deskantsatzen?

Aurreko batean Gabriela Uriarteri entzuten nion, gizartearentzat gizen «egokia» (eta noski, kakotx askoren artean sartzen dut), argaltzen ari dela erakusten ari dena, edo argaltzeko borondatea erakusten duena dela. Eta nolabait, badu zentzua. Zeren gizarteak egokitzat ikusten du astean lau aldiz gimnasiora joan eta elikadura «zaintzen» (berriz kakotx asko) duen gizen hori; baina, orokorrean, molestatu egiten zaio kamiseta motzak jantzi edo hanburgesa bat publikoki jaten agertzen dena. Eta uste dut, zeharka bada ere, horrekin badutela zerikusia nire udak (eta, ziur, zuetako askorenak ere). Zeren, ba al dakigu deskantsatzen? Ba al dakigu gorputza entzuten? Badakigu hankak nekatuta ditugunean zer egin? Ala nahiago izaten dugu berriro ere nekatu, kontzientzia, nolabait, lasaitzeko?

 

«Ala nahiago izaten dugu berriro ere nekatu, kontzientzia, nolabait, lasaitzeko?»

Gero, gainera, badago geure burua (eta ingurukoak) engainatzeko erabiltzen dugun beste argudio bat: burua. Gorputza nekatuz burua deskantsatzen dela, buruak deskonektatu egiten duela, gorputza nekatuta dugun bitartean buruak ez dituela buelta gehiegi ematen... Ez al dira aitzakia merkeak?

Ez dakit apartamentua-hondartza-apartamentua-igerilekua formulara sekula egokituko ote naizen. Ez dakit ikasiko ote dudan egoten: irakurri, paseatu (nekatzeko beharrik gabe), trago bat hartu, bainatu... Ez dakit sekula deskantsatzen (eta deskantsatzen bakarrik) egoteko gai izango naizenik. Ez dakit, gainera, baimenduko ote diodan neure buruari. Baina datorren urtean kanpin batera joango naiz astebetez. Ziurrenik ez naiz etzaulkian egongo zazpi egunez, baina nik ere ikasi nahi dut deskantsatzen. Ea zenbat deskantsatzen dudan...

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!