ARIMA ELIKATUZ

Argaltzeaz

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Etxeberria 2026ko maiatzaren 16a

Aste honetan gaixo egon naiz, ohean, hiru egunez. Egun horietan jan dut, baina ohikoarekin alderatuta, apetitu gutxiago izan dut. Badakizue: likido gehiago, otordu arinak (zopak, barazki egosiak, jogurtak, infusioak...). Eta apetitua murriztuta egon denez, gutxiago jan dut. 

Oroitu naiz gaixo egoten zen bakoitzean argaltzeko desira izaten zuen Maddiz. Oroitu naiz urduritasunak urdaila ixten zienei inbidia zien Maddiz. Oroitu naiz, are, gaixotasun luze bat desiratzen zuen Maddiz, horrek zeharka argaltasuna ekar zezakeelakoan (bai, gogorra da oso sentimendu horiei hitzak jartzea; ziur nago zuetako batek baino gehiagok bere burua ezagutuko duela nire hitzetan).

Eta horrekin guztiarekin batera, Ane Labaka etorri zait gogora. Izan ere, 2020ko urriaren 29an, Argian, Argal izeneko artikulu bat argitaratu zuen; iritsi zitzaidana. Eta artikuluaren izenburua eta data zehatza gogoratzeko apurtxo bat ikertu behar izan dudan arren, gogoan nuen mezua; eta gogoan nuen irakurri nuenean barruraino sartu zitzaidala. Iritsi zitzaidala, nolabait, nik ere horren aurka borroka egiten nuelako. Eta sentitzen nuelako zuzenean interpelatzen ninduela, pertsonalki zein kolektiboki. Horregatik gogora ekarri nahi dut Ane Labakaren artikuluko paragrafo bat: «Inork ez daki benetan zure bizitzako unerik zailena pasatzen ari zarelako argaldu ote zaren, azken hilabeteetan baskularekiko eta, ondorioz, janariarekiko harremana zaildu zaizulako edo urdailean sortu zaizun ultzerak gosea lapurtzen dizulako. Inori ez zaio axola. Zorionak, 'zer guapa'».

Eta ez. Akaso, nik kontatu dizuedanak ez du lotura handirik Ane Labakaren hitzekin. Baina zer esango dizuet! Hura etorri zitzaidan gogora hausnarketa hau egiten ari nintzela. Ziurrenik, kasu ezberdinak izan arren, badelako partekatzen den zerbait: sufrimendua.

Zeren bai. Ni ere oroitzen naiz sufrimenduaz. Sufrimendua delako honek guztiak dakarrena: argalegi egon eta gizendu nahi duenarena, argalago egonez gero ederragoa litzatekeenarena, kilo batzuk galduko balitu zoriontsuago izango litzatekeela uste duenarena... bere buruarekin borrokan bizi den ororen sufrimendua, finean.

 

«Inoiz ez da nahikoa. Inoiz ez zara ederra, inoiz ez argala, inoiz ez perfektua»

Zeren inoiz ez gaude argalegi sistemaren arabera. Eta Ane Labakaren beste esaldi bat dakart: «Behin argaltzen hasita, argalxeago egon nahi izateko arriskua daukazu orain. Argalago. Eta argalago. Eta argalago. Beti argalago. Eta orduan, akaso, argalegi zaudela esango dizu kutxako ilaran topatuko duzun norbaitek». Inoiz ez da nahikoa. Inoiz ez zara ederra, inoiz ez argala, inoiz ez perfektua. Ez, behintzat, sistema honentzat. Baina zer gelditzen zaigu, orduan?

Bada, gelditzen zaigu honen inguruan hizketan jarraitzea; badelako iraultzailea eta badelako zapalkuntza estetiko horri planto egiteko modu eder eta kolektibo bat. Eta gelditzen zaigu terapia eta gelditzen zaizkigu lagunak: gure beldur eta segurtasun falta berberak dituzten lagun horiek. Partekatzeko, husteko, betetzeko. Zeren niri, beti esan izan didate, dramak partekatuta arinagoak direla.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!