Azken urteotan gainera, gorputz-irudiarekin lotutako kezka nabarmenki hazi da: sare sozialek markatutako estandarrak, autozaintzaren inguruko diskurtso komertzialegiak eta errendimenduaren kulturak gure gorputzekin dugun harremana aurrez zena baino konplikatuagoa bihurtu dute (lehendik ere ez zen erraza).
Definizioan jartzen duen bezala, hezkuntzako esku-hartzeen helburuarekin hasi zen elkartea, eta horretara bideratuta joan dira lau urte hauek. Baina publikoa apur bat zabaltzeko helburuarekin, hitzaldiak ematen hasi ginen lehenik, eta tailerrak antolatzen azkenik. Lehen tailer hauek Zerainen egin ditugu azaroko bi larunbatetan, eta lau orduko espazio seguru bat izan dira; bakoitzak bere esperientziak, beldurrak eta deserosotasunak partekatu ditu bertan.
«Jendeak beharra dauka bere gorputzarekin duen harremanaz hitz egiteko, eta ez dago horretarako espaziorik»
Kontua da Zerainen tailer hauek egin ondoren ondorio argi bat atera dugula (beno, atera baino baieztatu dugu): jendeak beharra dauka bere gorputzarekin duen harremanaz hitz egiteko, eta ez dago horretarako espaziorik. Ez dago espaziorik zure biluztasunak sorrarazten dizun beldurraz hitz egiteko. Ez dago espaziorik aitortzeko, errurik sentitu gabe, hainbat elikagairi beldurra diezula. Ez dago espaziorik lotsarik gabe zaurgarri agertzeko. Ez dago espaziorik horrek guztiak egunerokotasunean zenbaterainoko pisua duen esateko. Zenbateraino mozten dizkigun hegoak; zenbateraino lotu kate astun batzuk oinetan.
Gorputzaren gaiak guztiok zeharkatzen gaitu, gehiago edo gutxiago. Presio estetikoak eta lodifobiak guztiok gauzka alertan. Gizena denak, argalago egon nahi du; argala denak, ez du gizendu nahi (oso sinpleki esanda eta orokortuta). Eta gero, bakoitza zeharkatzen duten beste mila gai sartu behar dira formulan, horrek eragin dezakeen sufrimendua ulertzeko.
Eta egia da ondo dagoela presio estetikoaz hitz egitea: ongi dago lodifobiaz hitz egitea. Baina ezin dugu intersekzionalitatea ahaztu. Ezin dugu ahaztu ez dela gauza bera gizena, aberatsa eta zuria edo gizena, transa eta homosexuala izatea. Ez dela gauza bera gizena eta heterosexuala izatea edo gizena, zaharra eta ikasketarik gabea izatea. Guztiok zeharkatzen gaitu intersekzionalitateak, eta dena ez da zure gorputzaren forma, noski. Baina bada gai garrantzitsua, eta, bide batez, horretaz hitz egitea gustatzen zait.
Eta horregatik, Zerainen bizi izan dugunak gogorarazi digu ez dela nahikoa banakako ahalegina egitea. Gorputzek pairatzen duten presioa ez dela norbanakoaren arazo isolatu bat, egitura oso baten ondorioa dela. Eta egitura horri aurre egiteko, hezkuntza eta komunitatea ezinbestekoak direla. Izan ere, gorputzek bizi duten isiltasun behartuari ahotsa emateko eta egunerokotasunak ezarritako kate horiek astintzen hasteko beharrezkoak dira horrelako espazioak, baina beharrezkoak dira baita feminismoa, antiarrazismoa... eta zapalkuntza orori aurre egiten dioten borroka kolektibo guztiak.