ARIMA ELIKATUZ

Zikloak ongi funtziona dezan

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Etxeberria 2025eko irailaren 29a

Bat-batean, ohiko elkarrizketa-gai bihurtu zaizkit etxebizitza, ezkontzak eta haurrak. Eta horrekin batera haurdunaldia, estrogenoa, progesterona, FSH edo folikuluak ere (edo azken hau, akaso, lagun emagin bat dudalako da, ez dakit).

Kontua da, aurreko batean, lagunekin afaltzeko gelditu nintzela. Beno, afaltzeko eta ziklo osasuntsuaz hitz egiteko (gorago aipatu dizuedan emaginaren eskutik). Metodo sintotermikoaz hitz egin genuen eta egiten dugunak zenbaterainoko eragina duen zikloan ikusi.

Akaso ez duzue jakingo baina nutrizio gradua amaitu nuenean, ugalkortasunaren inguruko master bat egin nuen (bizitzan ikasten gehien gozatu dudan etapa) eta bi gauza hauetaz hitz egitera nator gaurkoan.

Ziklo-osasuntsu bat beharrezkoa da haurdun gelditzeko; hori argi dago. Baina ahazten zaiguna da ziklo-osasuntsu bat osasunaren seinale dela. Hau da, ez dugula ziklo-osasuntsu baten bila hasi behar haurdun gelditu nahi dugunean soilik. Baizik eta zikloa ondo badoakigu, gure gorputza ez dagoela biziraupen moduan.

Azkenean, ugalkortasuna ahalbidetzen duen ziklo guztiak energia suposatzen dio gorputzari, eta energiaz larri baldin badabil, epe motzeko biziraupenerako beharrezkoa ez denez, hori ezabatuko du egunerokotasunetik, energia beste gauza batzuetara bideratzeko: digestioak, oreka osmotikoa, pHa, muskuluak... Honela, normalizatu egin dugu errendimendu altuko kirolariek hilerokorik ez izatea, normalizatu dugu hilerokorik ez izatea hilabete batzuetan zehar... eta uste duguna baino gehiago dio gure osasunaz. Estresaz hitz egin dezake zikloak, energia faltaz... Finean, gure gorputzak zikloaren energia beste zerbaitetarako darabilela.

Eta gaia apur bat nutriziora ekarrita, badakizue zer den ikaragarri garrantzitsua gure zikloak ongi funtziona dezan? Gantza. Olibak, ahuakatea, fruitu lehorrak eta haziak, arrain urdina, olioa... Duela urte batzuk, gantzaren beldurra sartu ziguten (emakumeoi, bereziki). Dena zen % 0, koipe gutxiduna edo light. Eta emakume askok jaten zuten behar zutena baino gantz gutxiago. Egia da, azken urteetan deabrutzearen fokua aldatu dela (bai, orain karbohidratoekin sartu digute beldurra, inongo beharrik gabe) eta gantzak apur bat libratu direla, baina emakume (emakume diot, bereziki emakumeetan gertatzen delako) askok jarraitzen du behar duena baino gantz gutxiago kontsumitzen.

Zergatik, ordea? Ba betikoagatik, gizentzeari beldurragatik. Izan ere, zer da gaixotzea, are hiltzea baino okerragoa? Gizentzea. Eta ironiarekin diot, baina ez. Zeren... zenbat aldiz txalotu dugu pertsona bat gaixotasun prozesu luze batek, gutxienez, pisu-galera ekarri diolako? Horixe bera.

«Beharrezko bi kontu azpimarratuta gera daitezela. Bat, jan nahikoa gantz. Bi, kontsumitu nahikoa energia»

Beraz, ziklora eta nutriziora bueltatuz. Beharrezko bi kontu azpimarratuta gera daitezela (bat, aurretik esana; bestea, oraindik aipatu gabea). BAT, jan nahikoa gantz. Jan fruitu lehorrak, jan haziak (xehatuta hobeto xurgatzen dira), jan olibak, oliba olioa... jan arrain urdina arrainik jaten baduzu (eta txikia, merkurioaren kontuagatik). Jan gantza, arren. Eta BI, kontsumitu nahikoa energia. Kafesne bat ez da gosaltzea. Eta akaso ez dugu goserik goizetan, eta ez naiz ari derrigorrez gosaltzeaz. Baina ez ordezkatu otorduak kafesneagatik, zopagatik eta barazki-kremagatik. Oso ondo daude barazkiak (eta noski, garrantzitsua da horien kontsumoa), baina baita energia ere. Jan zerealak: jan arroza, kinoa, artobeltza edo artatxikia. Jan lekaleak: dilistak, garbantzuak, babarrunak. Kontsumitu zure gorputzak behar duen energia, arren. Zeren bai, funtziona dezake gure gorputzak behar duena baino energia gutxiagorekin, baina Cadizera bagoaz, ez dugu depositua erdi-beteta hasiko bidaia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!