ARIMA ELIKATUZ

Argaltasuna ala hil

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Etxeberria 2025eko ekainaren 2a

Azken hilabeteetan, kide berri bat egin da famatu argaltasunaren industrian: Ozempic. Entzungo zenuten, zerbait; ziur nago. Ozempica, diabetesaren tratamendurako sortutako medikamentu bat da. Baina albo-ondorio bezala pisu-galera duenez, modan jarri da pisua azkar eta «erraz» galdu nahi dutenen artean.

Medikamentu guztiek bezala, albo-ondorioak ditu. Eta gauza bat da albo-ondorioak pairatzea, patologia zehatz baten kontrako tratamenduarengatik. Eta beste gauza oso ezberdin bat, helburu estetiko batekin eta mediku baten ikuskapenik gabe hartutako tratamendu batek ekar ditzakeen ondorioak pairatzea eta arriskuak sufritzea.

Honakoak dira, ChatGPTri Ozempicen albo-ondorioez galdetutakoan dioena:

Ohiko albo-ondorioak:

- Goragalea.

- Gorakoa.

- Gastritisa edo urdaileko mina.

- Apetitu falta.

- Idorreria edo beherakoa.

- Buruko mina.

- Hipogluzemia.

 

Albo-ondorio larriagoak (arraroagoak, baina larriak izan daitezkeenak):

- Gernu-sistemako infekzioak.

- Behazun-harriak.

- Pankreatitisa (pankreako hantura): sabeleko min handia eta konstantea.

- Giltzurrunetako arazoak.

- Tiroideseko tumoreak (saguekin egindako esperimentuetan ikusi da; giza populazioan ez da guztiz frogatu). 

 

Eta jende askorentzat, eta hau irakurri ondoren, argaltasunagatik arrisku hauek hartzea pentsaezina da. Baina beste askorentzat, eta ekonomikoki egingarria bazaie, aukera bat da. Aukera bat argaltzeko. Aukera bat kanon estetikoetan sartzeko. Aukera bat argaltasun-pribilegiorako.

Ozempica jende askorentzat itxaropen bihurtu da. Zeren zuk zerbait ikaragarri desio duzunean (argaltasuna, kasu honetan), bizitza osoan horregatik borroka egin duzunean, eta bueltan frustrazioa bakarrik jaso duzunean, horrelako produktu baten agerpenak (edo hedapenak, edo modan jartzeak; deitu nahi duzuen bezala), bide berri bat ireki dezake begien aurrean.

«Argaltasunak dakarrenaz doa. Argaltasun-pribilegioaz, onarpenaz, desiratua izateaz... Hau doa, medikuarenera joan eta duzun patologiagatik tratatua izateaz. Taberna zein hegazkin batera sartzean, aulkian sartzeaz...»

Zeren argala bazara, pribilegioak dituzu gizarte honetan; hori argi dago. Argala bazara, medikuak ondo tratatzen zaitu (eta ez dizu dieta bat ematen belauneko minez zoazelako). Argala bazara, taberna zein hegazkinetako aulkietan sartuko zarenaren kezka ez da existitu ere egiten. Argala bazara, edozein dendetara joaten zara arropa erosi nahi duzunean. Argala bazara, bikini eder bat topatu, erosi, eta hondartzara joatean, ez duzu obesitatearen apologia egiten ari zarenaren kritikarik jasotzen. Argala bazara, lan-elkarrizketa batean hartua izateko probabilitatea altuagoa duzu. Eta beste behin ere, gogorarazten digute, horrekin, argaltasuna dela bizitza honetako helburu gorena; argaltasuna ala hil.

Eta hau, aldi berean, ez doa argaltasunaz. Argaltasunak dakarrenaz doa. Argaltasun-pribilegioaz, onarpenaz, desiratua izateaz... Hau doa, medikuarenera joan eta duzun patologiagatik tratatua izateaz (pisua galtzeko dieta batekin irten beharrean kontsultatik, migrainak dituzunean). Taberna zein hegazkin (zein itxaron-gela, bulego edo tren) batera sartzean, aulkian sartzeaz (munduak zu bezalako gorputzengan soilik pentsatzen duelako eta bertan ipurdia sartzen zaizulako). Bikini bat janzteari diozun beldurra, kasurik onenean, bigarren plano batera pasatzeaz (zeren biluztasunarekin daukagun harremana, gizarte bezala, oso problematikoa da oraindik). Lan-elkarrizketa batera zoazenean, zure gizentasuna kezka ez izateaz. 

Zeren esan bezala, hau ez doa argaltasunaz. Argaltasun-pribilegioaz doa. Argal egoteak (argala izateak) suposatzen duenaz, gure gizarte heteropatrialkal, sexista, matxista, kolonialista, arrazista, kapazitista... honetan. Txiki-txikitatik erakutsi zaigulako argal egon behar dugula. Txiki-txikitatik erakutsi zaigulako kanonetan sartu behar genuela. Argaltasuna ala hil. Argaltasuna ala hil Ozempicekin, orain. Baina argaltasuna ala hil dietekin, elikadura-jokabidearen asaldurekin, pilulekin, drogekin... Beti. Argaltasuna ala hil.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!