Geroz eta ohikoagoa da, jendeak, nire aitonak erabiltzen duen pilula-kaxa moduko bat izatea elikagai osagarri hauek kontrolatzeko: omega 3ak, kreatina, C bitamina, D bitamina, burdina, magnesioa, kaltzioa... Baina... beharrezkoak al dira hauek guztiak?
Erantzun laburra, honakoa: beharrezkoak dira, gabeziak izanda. Puntu. Eta egia da ez naizela fitness munduan eta bertako osagarritasunean sartuko, ez dudalako kontrolatzen, batetik; eta egia delako kirol errendimendurako produktu batzuen eraginkortasuna frogatuta dagoelako, bestetik. Baina gainontzeko osagarritasunari dagokionez, esaten dizueten guztia ez sinesteko esango nizueke. Geroz eta industria potenteago bat dago —hemen ere— osagarritasunarekin, eta jende asko ari da milioi asko irabazten.
Eta, adi! Ez naiz osagarritasun konkretu baten eraginkortasuna zalantzan jartzen ari. Baina bai iruditzen zait arazo, gaur egun, edozeren erremedio bezala osagarritasuna gomendatzea. Inflamazioa? Osagarri bat. Digestio astunak? Osagarri bat. Ilea hauskor? Osagarri bat. Nekea? Osagarria. Osagarria. Osagarria.
Baina jarri al gara pentsatzen inflamazio horren atzean estresa egon daitekeela? Eta estresa murrizten ez badugu, osagarritasunak lagundu bai, baina ez duela arazoa saihestuko? Pentsatu al dugu digestio txarrak baditugu, kausa izan daitekeela zuntz falta? Edo intolerantziaren bat? Edo zerbait emozionala? Pentsatu al dugu, ilea hauskor izatea izan daitekeela nahikoa mikronutriente kontsumitzen ari ez garenaren seinale? Edo zerbait hormonala? Edo besterik gabe, udazkena dela? Pentsatu al dugu nekatuta egon gaitezkeela, nahikoa deskantsatzen ez dugulako? Hausnartu al dugu honetaz guztiaz?
Eta bai, akaso gabezia bat daukagu eta akaso behar dugu osagarritasuna. Baina egia da, baita ere, nutriente bat isolatzen duzun unean, xurgapena ere aldatzen dela. Hau da; ez da gauza bera burdina kontsumitzea elikagaian bertan, matrize guztiarekin —adibidez, dilisten kasuan, burdina, proteina, karbohidratoak, zuntza...—, edo isolatuta.
Honek esan nahi du osagarritasuna behar badut, hobea dela beste nolabait saiatzea? Ba ez, zeren ziurrenik, osagarritasuna behar izaterainoko gabezia nutrizionalak daudenean, elikadurarekin bakarrik iristea ia ezinezkoa izango da. Beraz, osagarritasuna eskura izatea, bada zoragarria eta bada eskertu beharreko zerbait. Ez naiz hau guztia zalantzan jartzen ari. Zalantzan jartzen ari naizena sistema da —beste behin ere—. Zalantzan jartzen ari naizena, arazo guztiak pilula batekin konpontzera garamatzan negozioa da. Zeren akaso bide errazena hori da; pilula bat hartzea egunero, gure ohiturak ez errebisatzea, orain arte generaman bizimoduarekin jarraitzea... zalantzan jarri ere egin gabe, akaso, gure bizimodua dela gabezia sorrarazi duena.
«Arazo guztiak pilula batekin konpontzera garamatzan negozioa da zalantzan jartzen ari naizena»
Eta ez naiz ari ardura norbanakoari botatzen; badakidalako nolako bizimodua daramagun eta zer zaila den askotan, biziraupen hutsa. Sistema da gaixorik dagoena eta sistema da beharrak sortzen dizkiguna. Baina garrantzitsua iruditzen zait honen guztiaren inguruan hausnartzea eta norbanakoak izan dezakeen kulpari ihes egitea. Eta ohartzea, osagarri batek ez digula bizitza salbatuko; ez gaituela sendatuko, ez duela arazoa deuseztatuko. Akaso lagunduko digu. Lagunduko digu bizitzako alor batean. Lagundu gabezia batekin. Eta erromantiko jarriko naiz. Baina lagunek ere laguntzen dute; laguntzen dute triste gaudenean hor egonda. Laguntzen dute besarkada batekin. Edo ondo al zauden jakiteko ustekabeko dei batekin. Eta ez dut inor ikusten laguntasunaren apologia egiten.