ARIMA ELIKATUZ

Konplexuak bueltan

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Etxeberria 2024ko eka. 10a, 09:00

Badator uda. Eta horrek esan nahi du badatozela arropa arinak, normalean baino garagardo gehiago, otorduak etxetik kanpo, herriko festak, hondartza edo igerilekua, izozkiak eta plan sozial asko.

Badator uda eta badatoz, pertsona askorentzat beldurrak, segurtasun-faltak eta konplexuak. Badatoz bainujantziei beldurra, autoestimu baxua eta bukle-mentalak. Baina ez datoz magikoki, udak gaitasun hori duelako. Lehen ere bazeuden, baina udak badu beldur horiek guztiak indartzeko gaitasuna; bada nolabaiteko etengailu bat.

Jende asko ezagutzen dut —duzue—, udan ere galtza motzik janzten ez duena. Eta ez dituzte galtza motzak ekiditen gustatzen ez zaielako; galtza motzak ekiditen dituzte euren gorputza ezkutatzea errazagoa delako galtza luzeekin. Ziur nago, baita ere, denok dugula inguruan bikinian sekula ikusi ez dugun pertsonarik; hondartzan edo igerilekuan berarekin topo egin dugun guztietan, pieza bakarreko bainujantzi osoa zeramalako. Edo uretatik irten berritan pareoa janzten duen pertsona hori ere baduzu inguruan. Denok dugu; denok gara, nolabait.

Udak beldur asko esnatzen ditu; neguan arroparen azpian zeuden beldur horiek, ageriago geratzen baitira udako berotan, izerditan. Eta pareoz, galtza-luzez edo blusez estaltzen saiatzen bagara, batzuetan, behintzat, jendearen arreta nahi baino gehiago bereganatuko dugu: «Ez al duzu berorik galtza horiekin?». Ezaguna zaizu, ezta?

Ziurrenik, testuaren paragrafo honetara iritsi bazara, zuri ere esnatzen dizkizu beldurrak udak; esnatzen dizkizu konplexuak, zalantzak eta segurtasun ezak. Jartzen duzu zalantzan orain arte egin duzun gorputzaren inguruko lanketa, ordaindutako terapia zein lagunekin egindakoa, gainditutako beldurrak... Baina utzidazu gauza bat esaten: denoi gertatzen zaigu.

 

«Urte osoan izan ohi da presio estetikoa handia. Baina udan indartu egiten da»

 

Urte osoan izan ohi da presio estetikoa handia. Baina udan indartu egiten da, nolabait. Akaso kanon estetikoak ageriagoak direlako, presenteago daudelako... eta noski, negozio bat dagoelako atzetik. Beraz, lasai hartu. Edo saiatu, behintzat. Egin eroso sentiarazten zaituzten gauzak.

Baita gomendio bat ere: ez utzi planetara batzeari zure gorputzeko konplexuengatik. Zeren bai, nik ere pasa ditut udak hondartzarik zapaldu gabe, eta ez zehazki hondarra gorroto dudalako edo turista asko daudelako; nire gorputza ez erakusteagatik, baizik. Eta ziur nago zuri gertatu zaizula. Inguruari —zure amari, lagunari, ahizpari, kuadrillakoari, bikoteari...— gertatzen zaiola. Eta batzuetan gogorra da onartzea. Gogorra da onartzea nahiago duzula etxean gelditu, kanon estetikoetatik urrun dagoen sabel/ipurdi/izter/bizkar bat duzulako. Nahiago duzula etxean gelditu, begiradak ez sufritzeagatik. Nahiago duzula etxean gelditu, txiki sentitzen zarelako, deseroso, errudun.

Eta ziur nago zure beldurrari aurre egiten diozun lehen egunean ere sentituko zarela txiki, deseroso, errudun. Baina ziur nago bigarren aldian errazagoa izango dela. Eta uda amaitzerako garrantzia galduko duela uda hasieran hain garrantzitsu zenak.

Zeren bai. Pertsona askorentzat iraultza txiki bat da bikini bat jantzi eta hondartzara joatea. Eta iraultza txiki batek ez, baina iraultza txiki askok errealitatean eragin dezakete. Beraz, jarrai dezagun iraultza txikietan, jarrai dezagun saretzen eta elkar indartzen. Eta gozatu dezagun uda! Gure gorputzek, edozein forma/kolore/altura duten horiek, merezi baitute gozatzea!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!