ARIMA ELIKATUZ

Gorputza mintzo denean...

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Etxeberria 2024ko api. 15a, 07:58

Informazioaren demokratizazioaren garai honetan, zaila da nutrizioaren inguruko irizpide zehatz batzuk argi izatea.

Hainbeste datu kontrajarri daude sarean, ez dakizula ea karbohidratoak onak edo oso-arriskutsuak diren; ez dakizula esnekiak beharrezkoak edo hantura-eragileak diren; ez dakizula fruta zoragarria edo ia-pozoia den; ez dakizula kafea interesgarria edo kasik-toxikoa den; ez dakizula azukrea energia-iturria edo mendekotasun-sortzailea den. Informazio gehiegi daukagun honetan, zaila egiten zaigu egia topatzea; egiarik ote dagoen ere ez dakigu, izatez.

Eta akaso gehiegi gustatuko ez zaizun zerbait esatera natorkizu. Izan ere, nutrizioan, dena da baldintzapekoa; gomendioak, pertsonalizazioak, elikagai interesgarrien zerrenda... Beno, bai eta ez. Esan nahi dut, badira gomendio orokor batzuk; mundu «guztiari» aplika diezazkiokegunak, baina beti-beti-beti pertsonalizatu egin behar da eta norbanako bakoitzaren beharrak aztertu behar dira.

Beraz, kontuz mundu guztiari gauza bera gomendatzen dioten (sasi)nutrizionista edo coach horiekin, arren. Zeren bai, noski direla zereal integralak interesgarriak; zuntzarengatik, bereziki. Baina akaso, kirolaria bazara, hobeto etorriko zaizkizu zereal finduak, zure beharrak ezberdinak direlako [azken hau adibide gisa bota dut, beste edozein bota nezakeen modu berean].

Eta jarraian esango dudana bada apur bat neure buruari harriak botatzea, akaso. Baina geure burua entzutea ere garrantzitsua da. Hau da, oso garrantzitsua da erreferentziazko profesional bat izatea, baina are garrantzitsua dela esango nuke gure gorputzari kasu egitea. Zer esan nahi dut honekin? Ea modu sinple batean azaltzen dudan...

Animaliak konektatuta bizi dira euren beharretara; badakite noiz duten gosea, noiz dauden ase... eta guk ere bagenuen gaitasun hori bere momentuan. Baina estresak, presio estetikoak, inposatutako ordutegiek eta abarrek, gure gorputzetik erabat deskonektatuta bizitzera (eta ondorioz, elikatzera) eraman gaituzte. Eta gose eta asetasun seinaleak interpretatzen bagenekien modu berean, bagenekien gure gorputzaren eskari zehatzei erantzuten. Eta emango dudan adibidearekin, uste dut guztiok ulertuko duzuela.

Asteburu pasa joaten zara lagunekin (edo familiarekin, edo bikotearekin...) eta otordu guztiak etxetik kanpo egiten dituzu. Normaletik at jaten duzu, bai janari motan eta bai kantitatean. Eta igandean etxera itzultzen zara, eta gorputzak zerbait freskoa eskatzen dizu (baina gorputzak benetan, ez detox izenez saldu diguten horrek). Eta afaria prestatzera zoaz eta sartzen zaizun gauza bakarra entsalada bat da; edo fruta platerkada bat; edo barazki-menestra bat.

Ba horrelako egoeretan gorputza entzuten dakigun modu berean, nire helburua bada nire egunerokotasunean gaitasun hori izatea; edo garatzea, behintzat. Zeren akaso ez zaizue elikagai konkretuekin gertatu, baina bai ehundurekin. Ni, pertsonalki, otordu bat prestatu eta ezer kurruskaririk ez badu, behin baino gehiagotan altxa naiz despentsara zerbait horren bila.

 

«Nire gomendiotxoa hortik doa gaurkoan: saiatu zure gorputza entzuten»



Beraz, nire gomendiotxoa hortik doa gaurkoan: saiatu zure gorputza entzuten. Saiatu gorputza maitasunetik elikatzen, gozamen eta plazeretik. Eta noski, bilatu erreferentziazko profesionalak. Baina benetan erreferentziazkoak. Zure osasun fisiko zein mentala kontuan hartzen dutenak; osasun sozialaz mintzo direnak; konpasiboak direnak. Eta pazientziarekin hartu.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!