ARIMA ELIKATUZ

Urtarrileko aldapa

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Etxeberria 2024ko urt. 8a, 07:58

Betidanik, Gabonetan ohi baino diru gehiago gastatu izan da. Eta urte hasierarekin batera, familia askotan malabarrak hasten dira, ekonomikoki hilabete amaierara iristeko. Eta zer esanik ez azken hilabeteetako inflazioaren eraginez. Baina… orain urtea hasi, eta errutinak berriro irentsiko gaituen honetan, nola egin gehiegi gastatu ez, orekatu jan eta bizitzen jarraitzeko?

Erosketa-saskiaren prezioa gorantza doa, dirudienez, toperik gabeko bide batean. Eta oliba olioarekin kozinatu nahi baduzu, gauza konplikatzen hasia dago, jada. Beraz, gomendio batzuk, denetarik jan eta saiakeran bizirauteko:

«Erosketa-saskiaren prezioa gorantza doa, dirudienez, toperik gabeko bide batean»

  1. Garaiko eta tokiko fruta eta barazkiak merkeagoak dira beste garai batekoak edo beste kontinente batekoak baino (orokorrean, eta kalitateari ere begiratuta). Neguan kalabazina garesti dago, baita tomatea ere (eta gainera sagar bat jatetik ez da gehiegi ezberdintzen)… Zergatik ez dugu aza, eskarola edo brokoli gehiago jaten? Sistemak sinestarazi digu elikadura askotariko batek estatus bat ematen duela, eta horretarako jaten dira etxe askotan lekak edo kalabazinak urte osoan zehar. Baina utzidazu esaten, garaiko eta bertako barazkiak jan, eta errezeta ezberdinak probatzen badituzu, barazki batzuen pertsonalitatearekin harrituko zara!
  2. Ahal baduzu, auzoan erosi. Akaso, supermerkatuetako produktu batzuk baino garestiagoak direnak topatuko dituzu auzoan, baina kalitatea askoz hobea izango da. Gainera, auzoan erositakoa nondik datorren jakitea errazagoa da, eta zure konfiantzazko dendariari erosten badiozu, ziur noizean behin oparitxoren bat egingo dizula!
  3. Animalia jatorriko produktuak kontsumitzen badituzu, saiatu murrizten, eta kontsumitzen dituzun horiek kalitatezkoak izaten. Azken batean, erosketa-saskiko produkturik garestienak izan ohi dira arraina eta haragia, bereziki. Eta planetaren ongizateari begira hauek murriztu behar ditugunez, aprobetxatu dezagun kalitateari ere erreparatzeko. Hauek ere auzoan erosita, produktuen jatorria hobeto ezagutzeaz gain, betiko zaporeak topatuko ditugu!
  4. Proteina iturri nagusiena izan daitezela lekaleak. Kilo bat lekalek otordu askotarako ematen du, eta merkatuan dagoen proteina-iturririk merkeena (eta jasangarriena) da. Beraz, betiko lekale gisatuez gain, plater berriak probatzera animatzen zaitut! Gainera, plater berriak probatzea, bada nolabait, bidaiatzeko modu bat ere: kuxkuxeatu interneten eta esperimentatu etxean dhal, garbantzu entsalada edo falafelekin.
  5. Olioa zoragarria da, bai nutrizionalki eta baita gastronomikoki ere, baina oso normala iruditzen zait litroa 9 euroan ezin ordaintzea. Ez erotu munduko kalitate oneneko olioa topatzen, horrek zure ekonomiaren oreka apurtuko badu. Noski garrantzitsua dela oliba olio birjin estra, baina baita zure osasun mentala ere. Beraz, kalitate kaxkarragoa duen olio batekin kozinatzeak, zure elikadura askotarikoagoa izatea badakar (produktu ezberdin gehiago erostea balia dezakeelako), aurrera! Gogoratu ez dagoela produktu magikorik eta elikagai bat oso «osasuntsua» izateak ez duela zure elikadura magikoki hobetzen. Konputu totala da garrantzitsua. Beraz, nahiago dut olio kaxkarragoarekin kozinatutako barazki askotarikoak eta lekale asko kontsumitzea, olio super zoragarriarekin kozinatutako garaiz kanpoko barazkiak edo kalitate txarreko haragia jatea baino!

Eta ziur nago beste hamar mila truko daudela. Ziur nago nire amona zenari galdetuz gero, askoz truko hobeak emango lizkidakeela. Beraz, batetik, ez erotu eta saiatu pazientziarekin hartzen. Eta bestetik, adineko pertsonak hurbil badituzue, galdetu eurei; seguru bainago elikagaiak ondo aprobetxatzeko ideia zoragarriak emango dizkizuetela!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!