ARIMA ELIKATUZ

Klimaterianoen bidea

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Etxeberria 2023ko ira. 11a, 07:58

Baratzak garaian garaiko kontsumitzeko aukera eskaintzen du. I.S.

Azken hilabeteetan asko irakurri dut ekologiaz. Izan ere, urtarriletik ekainera egin dudan formakuntza baten harira, ekologia eta jasangarritasuna nire pasio berriak bihurtu dira. Orain, nire gau-mahaian beti daude jasangarritasunaren, ekofeminismoaren edo klima aldaketaren inguruko liburuak; eta gaur, gai hau elikadurarekin erlazionatu nahi dut.

Eta askok esango dute: baina zein da elikadurak klima aldaketarekin daukan erlazioa? Ba oso handia, uste duguna baino askoz handiagoa.

Elikagaiak produzitzen diren kate osoak, inpaktu bat dauka lurrarengan. Inpaktua dauka produkzioak berak (lur-sailak erabiltzen direlako, ura, lan-tresnak eta abar), inpaktua dauka jasotzeak, inpaktua dauka transformatzeak (adibidez, tomateetatik tomate-saltsa ekoizteak) eta garraioak. Eta ikaragarri «xahutzen» den baliabide bat ura da; izan ere, ez da ur kantitate berdina behar kilo bat tomate edo kilo bat xerra ekoizteko (bigarrenak nabarmenki gehiago behar du).



Eta horren harira sortzen da climatarian kontzeptua, hain ezagunak ditugun begano, begetariano, flexitariano eta antzeko etiketa-zerrendara batzen delarik. Baina, nola elikatzen da klimateriano bat? Klimateriano baten helburua, bere elikaduraren bidez, ingurugiroan ahalik eta inpakturik txikiena egitea da (kontziente izanez egiten dugun guztiak eta jaten dugun guztiak beti izango duela inpaktu bat). Beraz, saiatzen da bertako eta garaiko produktuak kontsumitzen, eta horretaz gain, saiatzen da animalia-jatorriko produktuak murrizteaz gain (ez du zertan 0ra izan behar, baina bai nabarmenki; bere dietaren gehiengoa landareetatik datorrelarik), kontsumitzen dituen horiek kalitate onekoak, bertakoak, ekologikoak... izaten.

 

Klimateriano baten helburua, bere elikaduraren bidez, ingurugiroan ahalik eta inpakturik txikiena egitea da



Eta zergatik interesatu naiz kontzeptu honekin azken aldian? Ba uste dudalako, beganismora trantsizionatutako pertsona askok iparra galtzen dutela eta kontzientzia garbiketa bat izan daitekeela askorentzat. Hau da, landare jatorriko produktuek animalia-jatorrikoek baino baliabide gutxiago behar dituztenez, jada uste dute inpaktu positibo bat egiten dutela. Eta bai, noski, hala da neurri batean. Baina inpaktu hori euren kontrara orekatzen da Peruko kalabazin ekologikoak, Turkiako datilak edo Mexikoko ahuakateak erosten dituzten unean. Zeren bai, produkzioak baliabideen ustiaketan eragin handia dauka, baina baita garraioak ere.



Gainera, askotan ez dugu urtarokotasunaren kontzientziarik; edo ez dugu pentsatzen guk kontsumitzen ditugun produktuek zenbat kilometro egin dituzten gure platerera iritsi aurretik. Datuen arabera, gure etxean kontsumitzen ditugun produktuek, bataz beste 4.000 kilometro egiten dituzte, gure platerera iritsi aurretik. Eta egia esan behar badut, gutxi iruditzen zait. Izan ere, noren etxean ez dira ia urtero, neguan, tomateak egoten? Edo kalabazinak? Zeren noski, oinarrizkoak dira gure buru karratuetan dauden menuak prestatzeko...

Beraz, hona gomendio pare bat. Hasteko, argi izan behar dugu oso zaila izango dela geure buruarekin eta gure balioekin erabat koherente izatea. Izan ere, eragina dute gure egoera sozioekonomikoek, geografikoek eta beste hainbatek. Beraz, posible da gu elikadura ekologikoaren aldekoak izatea, baina gure ekonomiak barrera bat izatea bide horretan. Beraz, ez dezagun geure burua latigoarekin jo. Baina gure esku dauden erabakiak hartu ditzakegu. Auzoko frutategian eros dezakeenak, hori egin dezake. Urtarokotasunaren inguruko kontzientzia hartu eta garaian garaiko produktuak eros ditzakeenak ere bai. Ez dakit, gure hondar alea jartzea da, nolabait.

Aipatutako guztia laburbiltzeko, beraz, etxerako lanak. Ikas dezagun zein diren garaiko produktuak, eta saia gaitezen gure erosketa-saskiaren gehiengoa, behintzat, bertakoa izaten. Eros ditzakegu kinoa, ahuakateak edo mangoak, baina izan gaitezen horrek planetari egiten dion inpaktuaz kontziente arren. Eta gogoratu prozesu hau ez dela lineala izango (prozesu guztiak bezala), beraz, ahal duzuena egin eta besarkatu zuen kontraesanak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!