Aurreko atalean esan nizuen gai teknikoago bat ekarriko nizuela gaurkoan eta hitza betetzeko asmoa daukat. Izan ere, niri nutrizioaren mundutik gehien gustatzen zaidana, arlo psikologikoa eta soziala da, baina egia da oinarri biokimiko batzuk azaltzea ere beharrezkoa dela, eta horretara nator gaur!
Makronutrienteez hitz egin nahi dizuet gaurkoan, ziur aski izenez ezagutuko dituzue, baina gehiegi sakondu gabe (edo bai, eta alferrirako lana nire gaurkoa!). Makronutrienteez hitz egin aurretik, ordea, garrantzitsua iruditzen zait nutriente bat zer den definitzea. Eta nire hitzekin egin aurretik, nahiago izan dut Harluxet Hiztegi Entziklopedikora jo. Honakoaren arabera, nutriente bat, organismoak bere mantenurako hartu behar dituen substantzietako bakoitza da. Nik, zehaztearren, nutriente hauek elikagaien bidez eskuratzen ditugula esango nuke (nahiz eta salbuespenen bat egon daitekeen).
Behin hau argituta, garrantzitsua iruditzen zait nutrienteen sailkapen orokorra aipatzea; izan ere, bi taldetan sailkatzen dira: makronutrienteak eta mikronutrienteak. Guk, gaur, makronutrienteez hitz egingo dugu; baina ez sailkapenaren zergatia azaldu aurretik. Sailkapen hau, gure gorputzak bakoitzetik behar duen kantitateagatik egiten da. Hau da, makronutrienteetatik gramoka jan behar dugu egunero; eta aldiz, mikronutrienteetatik, mikrogramoka. Baina horrek ez du esan nahi behar ez ditugunik; izan ere, bai mikro eta bai makronutrienteak esentzialak dira biziraupenerako.
Eta orain bai. Hitz egin dezagun makronutrienteez. Ziur nago euren sailkapen nagusia entzun duzuela noizbait eta hitzak ezagunak zaizkizuela. Esan beharra daukat, badela zuntza makronutriente gisa sailkatzen duen sektore bat (nahi izanez gero hitz egingo dut zuntzaren inguruan beste atal batean), baina berez, hiru dira makronutrienteak: karbohidratoak, proteinak eta grasak.
Makronutrienteak hiru dira: karbohidratoak, proteinak eta grasak
Beraz, karbohidratoekin hasiko gara. Karbohidratoek energia ematen digute eta karbohidratoen barruan, bi talde egin ditzakegu: karbohidrato sinpleak eta konplexuak. Sinpleak errazagoak dira digeritzen eta energia hori azkarrago eskuratuko dugu. Konplexuen kasuan, aldiz, digestioa luzeagoa izango da, eta energia hori, beraz, epe ertain/luzera eskuratuko dugu. Bi mota hauek dira beharrezkoak eta, momentu bakoitzean, bata edo bestea interesgarriagoa izango da. Baina… badakigu zein diren karbohidratodun elikagaiak?
Sinpleen artean ezagunenak fruta eta esnekiak dira. Azukreak eta elikagai ultraprozesatu asko ere hemen sartuko lirateke, baina hauek, gaur, ez zaizkit interesatzen. Karbohidrato konplexuak, berriz, tuberkulu zein zerealetatik (artoa, artatxikia, arroza, garia, kinoa, artobeltza…) eskuratuko ditugu. Zereal integralen kasuan, gainera, zuntza ere badutenez, digestioa oraindik eta motelagoa izango da eta energia hori mantsoago (eta konstanteago) sartuko da gure gorputzera.
Proteinetara igaroz, proteinek gure gorputzeko egituran oso paper garrantzitsua jokatzen dute. Egia da hamarnaka funtzio dituztela proteinek, hala nola muskuluen hazkuntza edo hazkuntza bera, baina ez dugu gehiegi sakonduko (paperik gabe gelditzen ari bainaiz). Proteinak bi taldetan sailkatzen ditugu: animalia jatorrikoak (haragia, arraina, arrautzak) eta landare jatorrikoak (lekaleak eta eratorriak, fruitu lehorrak, haziak). Biak dira beharrezkoak, baina gogorarazi nahi dizuet oso garrantzitsua dela landare jatorriko proteinen kontsumoa; izan ere, baztertuta ditugu gizarte gisa.
Azkenik grasak edukiko genituzke. Hauek ere milaka funtzio dituzte, baina bi aipatzearren, energiaren epe luzeko metaketa eta erregulazio hormonala leudeke. Pisu-galera dieta askotan baztertuta izaten ditugu grasak, eta gogorarazi nahi dizuet ikaragarri garrantzitsuak direla gure gorputzaren funtzionamendu egokirako. Grasa-iturri interesgarriak dira fruitu lehorrak, haziak, oliba olioa, ahuakatea, arrain urdina…
Eta uste dut aipatu dizuedanarekin, makronutrienteez jakin beharreko informaziorik garrantzitsuena eman dizuedala. Hau sakondu daiteke, nahi adina, baina aspergarri bihurtu daiteke, akaso. Beraz, lerro hauekin bukatuko dut gaurko atala. Ea hurrengoan zerekin harritzen zaituztedan!