Zenbat pertsonak jarriko zuen bere helburuen artean pisua galtzea? Zenbat pertsonak kirol gehiago egitea? Zenbat pertsonak hobeto deskantsatzea? Edo barazki gehiago jatea? Eta helburu hauek ondo egon daitezke, baina gaizki ere egon daitezke, helburu hauen zergatiak ezberdinak izan daitezkeelako.
Jarraian azalduko dizuet. Egon daiteke pertsona bat, bere helburua barazki gehiago kontsumitzea dena. Helburu hau nondik sortu da, ordea? Pertsona hau, heldua izan arren, barazkiak jateko «oso txarra» da. Txikitan ez zituen probatu ere egiten eta heltzen joan ahala gauzak aldatuko zirela uste bazuen ere, jaten dituen bakarrak kalabaza eta kalabazina dira; biak purean. Osasunaren inguruan asko irakurri du azken aldian eta ohartu da zein beharrezkoak diren barazkiak bere organismorako. Beraz, erabaki du bere ustez aspergarriak eta nazkagarriak diren barazki horiei bigarren aukera bat ematea eta modu erakargarrian prestatuz, gustura jaten hasteko aukera duela.
Beste pertsona baten helburua, berriz, kirol gehiago egitea da. Zergatik? Beti izan du gorpuzkera handia eta Gabonak bezalako daten ondoren, pisua hartu ohi du. Pisua hartze hori medio, bere ingurukoengandik iruzkin ezberdinak entzun behar izaten ditu. Iruzkin hauek bere gorputzari buruz hitz egiten dute, destainazko moduan eta horrek, gaizki sentiarazten du. Horregatik erabaki du kirol gehiago eginez, bere «figura» aldaketarik gabe mantentzeko saiakera egitea, gehiago jaten duenetan, gehiago mugituz.
Bien zergatien arteko ezberdintasuna nabaria da, ezta? Hau da, lehenengo kasuan, helburua bere osasunaren hobe beharrari lotzen da, elikadurarekin (eta bereziki elikagai talde batekin) duen erlazioa hobetu nahi baitu. Bigarrenaren kasuan, berriz, gizentzeko beldurretik (eta hartara, ingurukoengandik izaten dituen iruzkinak ekiditetik) hartu du erabakia.
«Lehenengo kasuan helburua osasunaren hobe beharrari lotzen da, elikadurarekin duen erlazioa hobetu nahi baitu»
Orduan… Zuk jarritako asmo horien zergatia analizatzeko prest? Galdetu zeure buruari, «osasunarekin» erlazionatutako asmo horien inguruan. Zerrendatu horietako bakoitza (paper batean hobe) eta alboan tarte bat utzi, zergatia idazteko. Eta gero banan-banan aztertu. Zergatik erabaki dut (hemen txertatu zure asmoa)? Beldurretik hartutako erabaki bat da (zerbait gertatzeko edo, kontrara, ez gertatzeko beldurretik)? Plazeretik hartutako erabaki bat da? Zein abiapuntutik hartu duzu erabakia?
Eta beno, egin nahi ez baduzu (nik proposatutako ariketa, diot), ez da derrigorrezkoa. Ez da ezer gertatzen. Baina egia da interesgarria iruditzen zaidala horrela hausnarketak burutzea; bai geure buruarekin/gorputzarekin eta ingurukoenarekin daukagun erlazioa agerian gelditzen delako; eta agerian gelditze horrek, ekar dezakeelako erlazioaren hobekuntzarako neurriak hartzea. Edo hala uste dut nik, behintzat.
Eta nahiz eta batzuetan sentsazioa izan beti gauza berari bueltaka nabilela, uste dut garrantzitsua dela pertsona bakoitzak honen inguruan apur bat hausnartzea. Baina lasai, hurrengo Arima elikatuz-en, zerbait teknikoagoaz hitz egiten ahaleginduko naiz; horrelako gaiek apur bat aspertzen zaituztenentzat! Mahai gaineko kafesnea hoztu zait jada, baina Errege opilak inspiratu nau eta ezin izan diot idazteari utzi. Kafesnea berotzera noa!