ARIMA ELIKATUZ

Garaiz kanpokoari aurre hartuz

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Etxeberria 2022ko urr. 31a, 08:58

Urriaren amaiera da oraindik, baina dagoeneko badaramatzate aste batzuk turroiek, mazapanek eta abarrek gure supermerkatuetako korridoreetan. Eta ziur nago jende asko urdurituko duela horrek. Baina zergatik gertatzen da hori? Zergatik sentiarazten gaituzte deseroso elikagai horiek, batez ere garaiz kanpo daudenean?

Gabonak garai kritikoa izan ohi da etxe askotan, pertsona askorentzat, gorputz askorentzat. Gabonak gizentzearekin erlazionatzen ditugu; asko edo gehiegi jatearekin zein edatearekin, normalean baino otordu gehiago etxetik kanpo… Zein da, beraz, hemendik atera dezakegun interpretazioa?

Jendeak ez daukala erlazio osasuntsurik elikadurarekin. Sinplea da, baina konplexua aldi berean. Gure gizartean elikagai batzuk osasuntsu gisa eta beste batzuk ez-osasuntsu gisa klasifikatzen jarraitzen dugu. Eta errealitatea sinplifikatzen dugu: «Elikagai osasuntsuak neurrian janez gero ez naiz gizenduko. Gabonetan elikagai ez-osasuntsu asko jaten ditugunez, gizendu egingo naiz eta urtarrilean berriro dietan jarri beharko naiz».

Jende askok jarraitzen du horrelako dikotomietan; zuria ala beltza, dena ala ezer ez… kontrola ala kontrol eza, finean. Elikagaien nutritibotasun maila ezberdina dela argi dago, baina horrek osasuntsuago egiten du elikagaia bera? Hau da, osasuntsuagoa da uraza, kakahuetea baino, kaloria gutxiago dituelako? Ez, ezta? Ba horrela funtzionatzen dugu gizartean. Eta gogorarazi nahi dizuet akats handi bat dela.

Orduan… eta Gabonetako turroi, mazapan eta txokolateetara itzuliz… Geure buruan, ez-osasuntsu gisa klasifikatzen ditugu; Gabonak iritsi arte jan gabe egoten gara, baina astero (gutxienez), supermerkatura joaten garenean, eurekin eztabaidan aritzen gara. Horrek zer sortzen du (produktu horiek gustuko dituen pertsonarengan, noski)? Jateko gogoa handitzea. Baina ez dio bere buruari baimenik ematen eta antsietate horrek goraka jarraitzen du. Noiz arte? Gabonak iritsi arte, noski. Eta Gabonetan, gaztelerazko «de perdidos al río». Kontrolak beti-beti-beti dakarrelako kontrol eza.

 

Gabonak garai kritikoa izan ohi da pertsona askorentzat, gorputz askorentzat



Honekin zer esan nahi dut? Nahi adina turroi, mazapan eta txokolate jateko? Ez, noski! Baina urrian turroiak eta abarrak supermerkatuetan ikusteak sortzen digun deserosotasuna agerikoa dela ezin ezkutatu (kontsumismoak, kapitalismoak… sortzen digunaz gain, noski). Hau da; urteko garai zehatz batera mugatu dugunez kontsumoa, orduan bakarrik ikusi nahiko genituzke produktu horiek, gure antsietatean eragin ez dezaten.

Zer egin dezakegu, orduan, horren kontra? Ba erantzuna sinplea da: elikadurarekin dugun erlazioa hobetzea. Teorikoki sinplea bezain konplikatua da praktikara eramatea, noski. Baina hainbat gomendio eman ditzaket eta agian baten batek balio diezazuke.

Elikagai bat kontrol ezetik jaten dugunean, hor gertatu/egon diren emozioak identifikatzea, esaterako. Bai terapiaren bidez, bai idatziz, meditatuz… Garrantzitsua iruditzen zait terapiaren puntua; izan ere, elikagaiekin dugun erlazioa guk uste baino konplikatuagoa izan ohi da, orokorrean. Baina ezin baduzu terapiara joan (arrazoi ekonomikoengatik, edo bestela), idaztea aukera izan daiteke; niri idazteak asko balio dit. Nola sentitzen nintzen jan aurretik, bitartean, ondoren… eta agian ondorioren batera iritsiko zara.

Bestetik, elikadurarekin erlazioa hobetzeko, nutrizionista batengana jo dezakezu (kontziente izanik hau ere pribilegio bat dela, ez baikaude osasun publikoan). Nutrizionista batek lagundu baitezake gose eta asetasun seinaleak identifikatzen, besteak beste.

Baina mesedez. Ez itxaron urtarrilera arte elikadurarekin duzun zure erlazioa hobetzeko. Orain hasiz gero, Gabon hauetan ez duzu hainbeste sufrituko eta!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!