ARIMA ELIKATUZ

'Body checking'-a

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Etxeberria 2022ko uzt. 11a, 07:57

Udaren hasiera. Oso garai kritikoa, oso zaurgarri sentiarazten gaitu asko eta asko. Arropa freskoagoak iristen dira, plan gehiago (asko eta asko hondartzan, igerilekuan edo errekan), elikadura kaotikoagoa izan ohi da, parranda gehiago… Eta gure gorputzekin zer gertatzen da?

Udan, presio estetikoa areagotu ohi da. Depilazioa, kanon estetikoak, bainujantziak, galtza motzak… Pertsona askok plan zehatzei uko egiten diete, gorputzak sortutako segurtasun eza dela medio. Segurtasun ezak itotzen gaitu gutako asko, eta badaude urte batzuk (nerabezaroan izatea ohikoa izan arren, bizitzako edozein etapatan gerta daiteke), plan asko egin gabe uzten ditugunak. Beldurragatik, presioagatik, lotsagatik.

Eta uste dut sarrera oso egokia egin dudala, orain body checking-az hizketan hasteko. Entzun al duzu sekula kontzeptua? Ezaguna egiten zaizu? Ezezkoa litekeena da. Oso posible da sekula entzun gabeko kontzeptu bat izatea. Baina lasai, jarraian azalduko dizut zer den, eta nola egin diezaiogun aurre!

Body checking kontzeptuak, literalki, gorputza begiratzea esan nahi du. Baina begiratu, nola? Ea adibide hauek ezagunak egiten zaizkizun edo sekula egin dituzun:

- Etxetik irten aurretik, ispiluan albora begira kokatzen zara, zure sabelaren tamaina ikusteko.

- Ohitura daukazu, jan aurretik zein ondoren, sabela zenbat puztu den etengabe konparatzeko.

- Zure sabela gehien gustatzen zaizun unea goizean goiz da. Ezer jan eta edan aurretik eta komunetik pasa ostean.

- Kalean oinez zoazela, erakusleihoetan zure isla epaitzen duzu eta ilea, arropa, sabela… ondo dituzula ziurtatzen duzu.

Hau guztia da body checking-a. Etengabe, gure gorputza kanonetatik gertuago edo urrunago dagoen analizatzea, epaitzea eta zigortzea. Eta esatera ausartuko nintzateke, guztiok egiten dugula, nolabait. Ez bada sabelarekin, besoekin. Ez bada besoekin, ilearekin. Ez bada ilearekin, izterrekin.

Eta zergatik galtzen dugu denbora horretan? Izan ere, denbora gehiegi galtzen dugu, ezta? Ez pentsa egunean minutu gutxi direnik. Eta noski, hori egiten ari garen bitartean, beste gauza asko egiteari uzten diogu. Izan ere, gehiegi pentsatu ostean hartzen ditugu erabaki asko: noiz azaldu plan zehatz batera, nola jantzita azaldu…

 

«Hau guztia da 'body checking'-a. Etengabe, gure gorputza kanonetatik gertuago edo urrunago dagoen analizatzea, epaitzea eta zigortzea»



Beraz, argi dago, gure gorputzean pentsatzen ari garen bitartean, borrokatzeari uzten diogula, askok. Gizartearen problematikek ez dute denborarik etengabe bere gorputzaren tamainan pentsatzen ari den pertsona batentzat. Eta ez naiz pertsona hori epaitzen ari; kontrara, gizartearen presioari kritika bat egiten ari naiz.

Baina gure esku ere badago kontzientzia hori hartzea. Izan ere, nik ere jarraitzen dut ispilura begira, erakusleihoetara begira, sabelari begira… Baina begirada horiek zigorretik eta kritikatik ez egiten saiatzen naiz. Saiatu; ez da batere erraza eta. Baina lehen pausoa da. Eta lehen pausoak dakar bigarrena, hirugarrena, laugarrena…

Beraz, body checking-a egiten duzun horri. Lasai hartu, pazientziarekin eta errukitik. Lehenik eta behin, egiten dituzun akzio horien kontzientzia hartzea da nire gomendioa. Zer egiten duzun, noiz egiten duzun, nondik egiten duzun… Behin pauso hori emanda, erabaki: zer egin dezakezu horren kontra?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!