ARIMA ELIKATUZ

Lodifobia eta pisuaren estigma

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Etxeberria 2022ko mai. 9a, 07:58

Orain dela pare bat aste, polemika handia egon zen sareetan jarraitzaile asko dituen pertsona batek esan duen zerbaiten harira. Baina beno, testuinguruan jarriko zaituztet, ziurrenik, zuetako askok ez duzuelako jakingo zertaz ari naizen.

Roxy arropa markak, uda honetako bainujantzientzat egin duen kanpainan, forma eta tamaina ezberdineko gorpuzdun modeloak jarri ditu; argalagoak, gizenagoak, altuak, baxuak… Kontua da, sareetan jarraitzaile asko dituen emakume batek (dei diezaiogun X emakumea), kritika bat egin diola iragarkiari. Esan du ondo dagoela gorputz guztientzako arropa egitea, baina iragarkietan gorputz lodiak jarriz gero, obesitatearen apologia egiten dela.

Sare sozialak erabat aztoratuta ibili dira hainbat egunez eta materiaz dakiten hainbat profesionalek (eta ez dakiten askok ere) euren iritzia eman dute. Beraz… zer du egiatik X emakumeak esandakoak eta zer gezurretik?

Hasteko, zer da obesitatea edo zeri deitzen diogu? Gehien topatuko duzuen definizioari dagokionez, giza gorputzean gantz gehiegi metatzearen gaixotasuna dela topatuko duzue toki askotan. Gehiegi? Nola gehiegi? Gehiegi noren edo zeren arabera? Puntu hau oso polemikoa izan daitekeenaren kontziente naiz, baina uste dut, badugula garaia osasun ikuspegi paternalistatik ihes egin eta errealitate apur bat irensteko.

«Esan du ondo dagoela gorputz guztientzako arropa egitea, baina iragarkietan gorputz lodiak jarriz gero, obesitatearen apologia egiten dela»

Obesitatea gaixotasun gisa definitzea (eta orain jendeak lepora salto egingo dit) oso erabaki txarra iruditzen zait. Zergatik? Pisuaren estigma areagotzeaz gain, grasa metaketa handia daukan jendeari onura baino kalte handiagoa egiten diolako. Eta ez naiz hemen gehiago sartuko, gauza gehiago kontatu nahi ditudalako, baina agian interesgarria litzateke honen inguruan luze eta zabal hitz egitea beste atal batean.

X emakumearekin jarraituz. Bere iritziz, pertsona gizenek modelo lana egiteak gainontzekoak gizentzera bideratzen gaitu. Eta sentitzen dut, baina ez. Gizarteak duen lodifobiarekin eta pisuaren estigmarekin, denok gabiltza pisua irabaztea ekiditen. Beraz, okerra.

X emakumeari kontra egin dioten askok erabili duten argudioa da, emakume gizenetako bat (iragarkiaren erdian agertzen dena), kirolari profesionala dela (surflaria, hain zuzen ere) eta pertsona aktibo bat izanik, osasuntsu dagoela. Baina hemen berriro hasten gara pertsonak kategorizatzen, ohartzen zarete? Berriro hasten gara pertsonei gizenak egoten uzten, beti ere bizi-ohitura osasuntsuak (jendearen begietara) badituzte. Bai, izan zaitezke gizena, baina baldin eta kirolaria bazara, «ondo» jaten baduzu… eta hori guztia egin arren argaltzen ez baduzu. Baina aldiz gizena bazaude eta ez baduzu kirolik egiten edo «ez bazara zaintzen», badirudi jendearen errespetua galtzen duzula eta bigarren mailako herritarra bihurtzen zarela.

Besteen osasuna inportako balitzaigu bezala aritzen gara. Noiz ohartuko gara hori lodifobia dela? Gustatzen ez zaiguna pertsona lodiak ikustea dela, gizarteak erakutsi digulako ez direla ederrak/erakargarriak…? Izan ere, orain oso modan dagoen diskurtsoak zera dio: lodi egon zaitezke, baldin eta osasuntsu bazaude. Ez barkatu. Lodi dagoen pertsona horren osasuna bost axola zaizu, ez izan hipokrita!

Sentitzen dut gaurko testu aldrebes hau, baina horrelako kontuek odola irakinarazten didate! Baina ondorio on batekin amaitzea gustatuko litzaidake. Beraz… eta hasteko, utz ditzagun besteak bakean. Ardura gaitezen geure buruaz, gure osasunaz (mentalaz ere bai, ezta?), gure elikaduraz, gure jendeaz... Eta bestetik, testu honetako zerbait arraroa egin bazaizu, atakatua sentitu bazara edo horrelako zerbait, agian hausnartu dezakezu honen inguruan. Denok baititugu sinesmen barneratuak eta denok dugu deseraikitzeko asko! Animo! Bidea elkarrekin eginda, eramangarriagoa izaten da askotan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!