Katzenstrasse

Katzenstrasse. M.D.O.

Kale berezi baten istorioarekin hasiko dut ikasturtea. Testuinguru pixka bat emateko eta, aldi berean misterioa mantentzeko, koka dezagun kale hau: Berrobitik gora bideari jarraitu, ia bi mila kilometro egin eta Danimarkara iristear zaudela… Ttak! Hortxe bertan dago Katzenstrasse. Iparralderantz doan kale horren izen ofiziala beste bat den arren, interesgarriagoa da Katzenstrasse deitzea, hau da, katuen kalea. 

Katzenstrasse hiriaren alde zaharrean dago, fiordoaren paraleloan, kale nagusia eta harresi zaharraren iparraldeko atearen artean. Kale zaharkitua eta utzia zen duela hamarkada pare bat arte, halere, azken urteetan aldaketa handiak jasan ditu: txukuntze lanak, biztanle berriak eta kafetegi hipsterrak. Ondotxo dakigu hori errezeta perfektua dela turistak erakartzeko. Esan beharra dago hemen negua luzea dela oso, baina egutegiak uda zela esan zuenetik turista dezente dabiltza Katzenstrasse-ren bueltan. Gehienak azal zuri eta ile zuriagokoak, kamera handiak lepoan, motxila garestiak bizkarrean eta modan dauden sandalia erdi-ortopediko horietakoak oinetan. Erraz imajinatzen da panorama. 

 

«Halere, nire uste apalean, katu kontuak dira kale honen berezitasun nagusia. Zehatzagoak izateko: paretetan margotutako katuak. Izan ere, artista anonimo batek, Katzenmalerin-ek, katuak marrazten ditu gauez»

Halere, nire uste apalean, katu kontuak dira kale honen berezitasun nagusia. Zehatzagoak izateko: paretetan margotutako katuak. Izan ere, artista anonimo batek, Katzenmalerin-ek, katuak marrazten ditu gauez. Hasieran marrazten zituen katuak sinpleagoak ziren arren, urteek aurrera egin ahala geroz eta landuagoak dira. Denetariko katuak daude, adibidez: marroi batek euritako horia du soinean eta haserre dago eguraldi txarragatik; pinto batek ontzi-kapitain txapela du buruan, garai batean ontzietan bizi ziren katuei erreferentzia egiten; hirugarren batek tarta zati bat du ahoan okindegi baten ondoan dagoelako; eta azken batek kapa berde bat du aspaldiko merkatarien gisan. Beste hainbeste katu daude kale-bazterretan, bakoitza bere izaera eta historiarekin. 

Pentsatzekoa den bezala, margotutako katuen bilatzaile sutsua da Maddi eta edonora doanean katu guztiei diosala egiten die. Miau! Ezin jakin zori hutsagatik edo patuari esker izan den, baina txistea badirudi ere, Katzenstrasse erdi-erdian bizi da Frau Maddi Katzenfreundin, hots, Maddi andre katu zalea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!