Maddi bidaiaria

Noiz hasten da bidaia bat? Abiatu baino lehenago hasten da bidaia badoanarentzat. Nire kasuan behintzat, «ama, banoa» esandakoan hasi zen; gero aitari, ahizpari, lagunei, gainontzeko familiari, bizilagunari eta ezagunei esandakoan forma hartu zuen; baina katuari «Ximuntxo, zu hemen utzi eta joan egingo naiz» aitortutakoan, errealitate bihurtu zen. 

Nola bidaiatzen da? Modu asko daude, eta nirea ez zela okerrena izan. Lehendabizi kotxean, hurrena autobusean, ondoren hegazkinean eta amaitzeko trenean. Herrialde berri batera doan edonork badaki zer den erabateko berritasunak sortzen duen zirrara eta errespetuaren arteko sentimendu hori. Hemen dena berria da niretzat, dena berria izatearen sentsazioa izan ezik. Lehendik izan naiz señorita Maddi, miss Maddi eta signora Maddi, eta besterik gabe, orain Frau Maddi naiz. Aurreko bertsioak moldatu badira, ziur nago azken hori ere moldatuko dela. Kontua da beti Maddi izatea, hori zer den jakitea gero eta zailagoa den arren.

 

«Zergatik bidaiatzen da? Bakoitzak bere arrazoiak dituela esango nuke, eta denak dira zilegi, baina bagara asetzea zaila den gosea dugun batzuk eta, paradoxa izan arren, itsaso zabalean ondoen igeri egiten dugunok ito egiten gara putzu txikietan»

 

Zergatik bidaiatzen da? Bakoitzak bere arrazoiak dituela esango nuke, eta denak dira zilegi, baina bagara asetzea zaila den gosea dugun batzuk eta, paradoxa izan arren, itsaso zabalean ondoen igeri egiten dugunok ito egiten gara putzu txikietan. Hori gutxi ez balitz, olatuen aurka egitea zein zaila den esatea gustatzen zaigu eta sekretuan bada ere, batzuetan inbidia ematen digute ur txikitan ustez lasai dauden horiei, baina ondotxo dakigu ur handiak behar ditugula bakean egoteko. Zer egingo diogu ba, dena ezin da bizitza honetan! Alde ederra katuek bezala zazpi bagenitu!

Zer egiten du bidaiariak? Nire asmoa euskaldunok arnasa hartzen dugun txokoak ikertzea da —horretarako bertatik alde egin behar izan badut ere—, eta horretarako, pantaila baten aurrean esertzen naiz egunero, horrela, bizitzea tokatu zaigun garai hau hobeto ulertze lortuko dudalakoan. Halere, azken hilabeteotan egunkari, irrati edo podcastetatik iristen zaizkidan berriak kontutan hartuta jabetzen naiz gehiago jakin ahala gutxiago konprenitzen dudala. Horregatik, goiz eta arratsalde Ximunen argazkiak bidaltzeko eskatzen diet etxekoei, horrek beti on egiten baitit. 

Beno eta orduan, noiz amaitzen da ba bidaia? Niri ere kosta zait konturatzea, baina bidaia ez da inoiz amaitzen dabilenarentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!