Gure Ximuntxoren argazkiekin lepo daukat telefonoa eta harrapatzen dudan edonori erakusten dizkiot: «Begira ze polita dagoen hemen!». Eta kontuz horri erantzundakoarekin, lehen argazkia gustatu zaizula adierazten duen imintzio bat nahikoa baita jarraian 34 argazki eta hiru bideo erakusteko. Ahal banu proiektore batekin eta eskuan megafonoa hartuta ibiliko nintzateke kalean «ikusi nire katua!» oihukatuz, predikatzen arituko banintz bezala.
Gainera, ikusten ditudan katu guztien lagun egiten saiatzen naiz. Nonbait irakurri nuen etxean katua daukazunean kale-katuek usainean nabaritzen dutela, eta beraz, fidatzeko moduko pertsonen kategorian sartzen zarela; hau da, katulizismoaren goi-mailan. Abantaila hori probesten dut kale-katuen atzetik galdu arte ibiltzeko, eta horregatik, ezagutzen nautenek badakite ni aurkitzeko modu errazena katuak erakartzeko pz-pz soinua egitea dela: segituan azalduko da katua, eta atzetik ni prozesioan.
Lagun-minak ere baditut katuen artean, adibidez, azken bi urteetan mendiko txabola batean bizi zen Mixina bisitatu dut astean bizpahiru aldiz. Pentsua plastikozko poltsatxo batean nuela joaten nintzen, jainkosa bati eskaintza egiten dienen moduan, eta bere izenez deitu bezain pronto korrika hurbiltzen zen. Gure Ximun moko-finak jaten ez zuen pentsua ematen nion eta Mixinak gustura, isatsa goian, egiten zidan ongietorria. Udaren azkenak eraman zuen nire Mixina goian bego eta geroztik ez naiz itzuli, santurik gabeko ermitara erromes joatea alferrik delako.
«Etxeko denak 'katuliko' finak gara, horregatik, aurtengo Eguberrietan etxean jaiotzarik ez jartzea erabaki dugu, Ximun gurtzen nahiko lan baitugu. 'Miau'»
Jakin badakit askok barre egiten didatela eta horrexegatik erabaki nuen, kontra egitearen plazeragatik, ahal nuen guztietan katuak aipatuko nituela artikuluetan; bada, orain nire marka pertsonala bihurtu da katulizismoa lau haizetara zabaltzea. Halere, ez pentsa konbertitu den bakarra naizenik. Etxeko denak katuliko finak gara, horregatik, aurtengo Eguberrietan etxean jaiotzarik ez jartzea erabaki dugu, Ximun gurtzen nahiko lan baitugu. Miau.