MADDI SL

Egunak 24 ordu dituen arren, nahikoa lan izaten dut denbora hori txukun antolatzen. Batzuetan fundamentuzko gauzak egiten ditut, eta askotan minutuek konturatu gabe ihes egiten didate. Edonola ere, bada ustekabean orduak barra-barra kentzen dizkidan denbora-pasa bat: neure burua kudeatzea. Afiziotzat hartzen dut ia, nolabait deitu beharko diot ba horrenbeste denbora lapurtzen didan egiteko bati!

Ene, ez nuen inoiz pentsatuko paper eta tramite kontuekin eroa bezala bueltaka horrenbeste denbora pasako nuenik! Joan bankura A paperaren bila, hartu hitzordua B erakundeko bulegoan, eskatu C zigilua udaletxean, deskargatu D dokumentua Batekdaki.eus web-orritik, instalatu E programa artxiboa irekitzeko, ikusi F tutoriala funtzionamendua ulertzeko, gorde G kodea, sartu kodea H aplikazioan, eta amaitzeko, bidali hori guztia I pertsonari. Hortxe joan zaizu goiza, eta zorte pixka batekin erantzun automatiko bat besterik ez duzu jasoko.

Gogoan dut umea nintzela ama noizean behin sukaldean paper tartean ikustea, baina gaur egungo egoerak, ordea, itxura desberdina duela iruditzen zait. Digitalizazioak abantaila asko ekarri dizkigun arren, esango nuke geure buruaren arduradun bakartzat utzi gaituela nolabait. Ez naiz autonomoa, halere, gestoria txiki bat kudeatzen dudalako sentsazioa izaten dut batzuetan, hortxe ibiltzen bainaiz burua galdu beharrean diren eta ez diren tramite guztiak egiten. Noski, horrek mila kezka sortzen dizkit: «Ai ama, gaur zen eskaera egiteko azken eguna», «ai ama, ez nion e-mailari erantzun», «ai ama, non utziko nuen ziurtagiria» edo «ai ama, katuak sofa azpira bota duen USB horretantxe zegoen ikaragarri garrantzitsua zen dokumentu hura».

 

«Digitalizazioak abantaila asko ekarri dizkigun arren, esango nuke geure buruaren arduradun bakartzat utzi gaituela nolabait»

 

Gutxi-asko denok ditugu antolatu eta egin beharreko kontuak, baina nola deitzen zaio norberaren bizitza kudeatzearen jardunari? Niri behintzat gehiegi luzatzen zaizkit azalpenak, eta batera eta bestera edo ordenagailu aurrean mila konturekin pasatzen dudan tartea ere nolabait azaldu behar dut. Horregatik, aurrekoan lagun batek zertan nenbilen galdetutakoan, hala esan nion: «Sentitzen dinat, baina oso lanpetuta nagon Maddi SL kudeatzen, deituidan geroxeago».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!