Ez dakit jendeak zer pentsatzen duen «mendiko borda» esandakoan, baina gure etxetxoak ez dauka ez telefono-seinalerik, ez argi-indarrik, ez kanilako urik, ez eta komunik ere. Errepide hurbilenetik urrun, ez da erraz aurkitzen den horietakoa, asko jota perretxiko bila zabiltzala kasualitatez topatu zenezake. Laburbilduz: Heidiren aitonak Alpeetan zeukan etxearen antzeko zeozer da, baina ahuntzik gabe.
Ume nintzenean gehiagotan joaten ginen arren, gaur egun bordara joatea oso noizean behingo kontua bihurtu da niretzat. Askotan esaten nion neure buruari egunen batean bakarrik joan behar nuela eta aurreko batean animatu nintzen bada hiruzpalau egun bertan pasatzera. Batzuk Indiara joaten dira erretiro espiritual bat egitera, ba ni antzeko-parezido, baina gertuxeago.
Aitak txabola prest utzi zidan eta amak bertaraino lagundu ninduen. Biak joan zirenean instalatzeari ekin nion. Horretarako, 1997. urtean Berrobiko Errege Magoen kabalgatan Meltxorrek oparitu zidan irratia piztu nuen Euskadi Irratia entzuteko, justu-justu baina irrati-seinalea behintzat iristen baita. Jarraian, aitaren euritako arrosa (garai batean gorria omen zena) eta amak nitaz haurdun zegoenean erabiltzen zituen zueko parea jantzi nituen. «Uniformea jantzita prest nago», pentsatu nuen.
«Arnasa sakon hartu eta sentitu nuen buruko korapiloak askatzen hasiak zirela jada, zibilizazio deitzen diogunetik ihes egitea dagoen botikarik onena bailitzan»
Borda kanpora atera eta eskuak gerrian jarrita ingurura so egin nuen. Behe-lainoa sartzen ari zen, kostaldean galerna zen seinale. Orduan gogoratu nintzen Laboak abesten zituen hitzez: «Maite ditut maite nire bazterrak lanbroak izkutatzen dizkidanean...». Arnasa sakon hartu eta sentitu nuen buruko korapiloak askatzen hasiak zirela jada, zibilizazio deitzen diogunetik ihes egitea dagoen botikarik onena bailitzan. Lainoak eta iluntasunak nola irensten ninduten begira afaldu nuen eta ondoren, linterna baten argitan idatzi nituen hitzok. Geroxeago, lasai ederrean ekonomikako suari begira nengoela, Ikeako iragarkiak arrazoi zuela jabetu nintzen: aberatsa gutxien behar duena da.